Lanbide Heziketako irakasle teknikoen inguruko gaurko mahai teknikoak ez du berrikuntzarik ekarri.
Hezkuntza Saileko pertsonal arduradunak eta Plangintza eta Antolaketarako zuzendariak ez dute haien hitza bete. Aurreko mahai teknikoan agindutako proposamena ez dute aurrez helarazi eta bileran azaldutako proposamenean irakasle teknikoen gatazka laborala irakasleen dekretu arautzaile orokorrarekin lotzeaz gain goi mailako ikasketak exijitu dituzte, 55 urtetik gorako langileak soilik salbuetsiz.
Beste behin ere Hezkuntza Sailak lehengo lepotik burua, mahaiak konbokatu dituen arren ez du inolako edukirik ekarri eta betelan hutsera mugatu da.
LABek ikasturteak daramatza proposamen eta irtenbide duina adosteko ahaleginean. Langile guztien egoeren berri ematea exijitu dugu, irtenbidea bakarra eta mugatua izan ez dadin.
Gaur irakasle teknikoen afera lan hitzarmenarekin ez lotzea eta urtarrilean benetako negoziazioari ekitea eskatu dugu gainerako sindikatu guztiekin batera. Datozen egunetan langileen asanblada deituko da urtarrilean berrekin asmo dugun negoziaziora begirako proposamen zehatzak eta duinak lantzeko. Bada garaia gatazka honi amaiera emateko!
Irakasle teknikoentzat irtenbide duina orain!