Lan Hitzarmenaren sinaduraren ondorengo erreakzioak

324

16 urteren ondoren, Haurreskolak Partzuergo Publikoko lan hitzarmena sinatu du LABek. Gogoratu nahi dugu 2009ko hitzarmena ordezkaritza dugun guztiok sinatu bagenuen ere LAB, STEILAS eta ELA ordutik egon diren akordio partzial guztiak, LABek sinatu dituela. Besteak beste, 2018ko akordioa, ordezkoen araudia, kudeaketako lan poltsa propioak eta akordioak.

Lan baldintzak hobetu eta haurrak jasotzen duten hezkuntza zerbitzua hobetzeko ahalegin handia egin dugu. Ekarpen, proposamen andana egin eta erabakiak hartzeko irmotasuna erakutsi dugu eta erantzukisunez jokatzeko ardura izan dugu eta daukagu.

Greba zikloen iragarpenaren bezperan, Heziketa Bereziko Lan Hitzarmenaren LAB eta STEILAsen sinadura mugarria izan zen, eta hori dela eta Heziketa Berezia ez zen greba ziklora batu.

Grebak iragartzearekin batera, Haurreskolak Partzuergoaren negoziazioa azeleratu zen, are gehiago greba egunetan erakusi dugun mobilizazio gaitasun eta %85eko baino gehiagoko jarraipenagatik.

Urtarrilaren 27an grebak deskonbokatzeko asmoz, Hezkuntza Sailak korrika eta presaka aurreakordio proposamena aurkeztu zigun, inolako bermerik gabekoa. Artikulaturik ez ziguten ekarri eta gainera, azken zirriborroan oinarrizko hainbat eduki txertatu gabe zeuden: kudeaketako langileen soldata parekatzerik ez zegoen, Lan Hitzarmenaren indarraldia ez zen jasotzen, plantillak esleitzeko irizpideen dokumenturik (ratioen negoziaziorako oinarriak) ez zegoen, ez eta lehen bilerarako datarik ere. Ordezkoen araudiari egindako ekarpenak txertatu gabe zeuden, ordezkagunea martxan jartzeko datarik ez zegoen eta hainbat zehaztasun falta ziren. Inolaz ere ezin genuen bermerik gabeko akordiorik sinatu eta horrela adierazi genuen publikoki.

Aurrerapausu eta onura itzelak lortu ditugu borroka honekin, horregatik eta Haurreskolak Partzuergoko langileekiko daukagun arduratik sinatu ditugu akordioak. Dugun erantzunkizunetik, ez dugu kolektiboa bi greba gehiago egitera eraman, negoziazio eremu honetan lortu ezin direnak eskatuz gainera. Guk beti aldarrikatuko ditugu eros ahalmena berreskuratzea eta erretirorako baldintzak malgutzea eta lan egingo dugu funtzio publikoak ezartzen dituen mugak gainditzeko. Kalean, funtzio publikoko mahai orokorretan, aliantzak eginez…Baina orain arduraz jokatzea zegokigun, beti egin dugun bezala.

LABek badaki langileentzako onak diren akordioetara iristen, hori da gure betebeharra, borrokatzea eskubideak eskuratzeko. 2026ko abenduaren 31ra arte iraupena duen hitzarmena lortu dugu (berri bat adostu arte indarrean jarraituko duena) eta 2027ko urtarrilaren 1ean hurrengoa negoziatzeari ekingo diogu.

Hezkuntza saileko Heziketa Bereziko hezitzaileen pareko hitzarmena lortu dugu. Orain arte genituen neurri eta eskubide batzuk hobetuz eta berriak lortuz. Gainera, irakasleen hitzarmena sinatuz gero eta honetan gure hitzarmena eta Heziketa Bereziko hitzarmena hobetzen dituen edukiak jasotzen badira, hobekuntzak Heziketa berezian aplikatuko dira eta gurean Heziketa Berezikoa aplikatuko da, Lan Hitzarmenean jaso dugun Berme Klausula dela eta. Honek ziurtatzen du aurrerakinetan, nomina aurrerapenenetan, bizi-aseguruetan, istripu aseguruetan, erantzunkizun zibilari dagokionez, joan etorrien balioetan eta lizentzia eta baimenetan hobekuntzak ematen badira zuzenean guri aplikatuko zaizkigula.

Kudeaketa alorreko langileen kasuan, berme klausula dela eta gainera, administrazio orokorreko lanaldiaren, ordutegiaren…,inguruko akordioak aplikatuko dira.

Bai Hezitzaileen kasuan bai kudeaketa alorreko langileen kasuan, egokitzapen horiek berehalakoak izango dira eta aipatutako erabakietan ondorio berberak izango ditu. Aurretik aipatu ez diren lan baldintzei dagokienez, mahai parekidean negoziatu eta adostuko direla jasotzen da.

LABetik gure animo eta babes handiena helarazi nahi diegu grebetan dauden sukaldari, garbitzaile eta irakasleei, haiek ere Lan Hitzarmen ona lor dezaten.

Gauzak horrela, ilusioz eta lortutakoaz harro ekingo diogu fase berriari. Lehenbaileen hezitzaileen lan kargak arintzeko asmoz, plantilak esleitzeko irizpideeen negoziaziorako proposamena landuz eta zehaztuta dauden negoziaziorako ekarpenak jasoz. Negoziazio honi, otsailean bertan ekingo diogu.

Interes korporatibista eta estrategikoak albo batera utzita LABek borrokan eta lanean jarraituko du, langileen lan baldintzak hobetzeko eta unibertsaltasunaren bidean Haurreskolak Partzuergo Publikoa ardatz, 0-3 aren udal eskaintza bateratua lortzeko.

Euskal Eskola Publiko Komunitarioa Iruten!

Gora Langileon borroka!

INFO-9._Lan-Hitzarmenaren-sinaduraren-ondorengo-erreakzioak-1