LABetik lehenbailehen Mahai Negoziatzailea deitzeko eskatu diogu Haurreskolak Partzuergoari

380

Ikasturtea bukatzen ari den honetan, LABetik lehenbailehen Mahai Negoziatzailea deitzeko eskatu diogu Haurreskolak Partzuergoari. Izan ere, oraindik hezitzaile finkoen lekualdatzea burutzeke dago, baita ikasturte hasierako esleipenak ere. Bi prozesu hauen egutegia eta eskainiko diren lanpostuak zehaztu eta berme guztiekin gauzatzeko ezinbestekoa da mahaia deitzea.

Mahai Negoziatzailearen data zehatza eta Lekualdatze egutegia adostu bitartean, gogoratu nahi dizuegu borondatezko edo bateraezintasun eszedentzian bazaude eta hau bukatzen delako Haurreskolak Partzuergoan inkorporazioa eskatu eta lekualdatzean parte hartu nahi baduzu, lekualdatzearen deialdia argitaratu baino lehen inkorporatzeko eskaera egin behar duzula. Informazio gehiago izan bezain laster zabalduko dugu.

Gainera, Mahai orokorrean zehaztuko den 2024ko urtarrilaren 1eko atzeraeraginez onartuko den %0,5eko soldata igoera mahaitik pasatu behar da.

Bestetik, 2025eko otsailaren 10ean sinatu genuen Lan Hitzarmenaren gainean hainbat zuzenketa eta hobekuntza txertatu behar dira. Gogora ekarri nahi dugu, Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmen berrian, berme klausulan jasotzen den bezala, aurrerakinei, nomina aurrerapenei, bizi-aseguruari, istripuari, erantzukizun zibilari, joan etorrien balioei eta lizentzia eta baimenei buruzko klausulak hobetu egingo direla Hezkuntza Saileko lan legepeko hezitzaileen lan hitzarmenean ezartzen diren baldintzen arabera. LABetik guzti hau arretaz aztertzen ari gara.

Horrez gain, Haurreskolak Partzuergoko arduradunek esan digutenez, abuztuaren 25ean hezitzaile ordezkoek aplikazio telematikorako (Hezisarea) sarbidea izango dute haien egoera eta datu pertsonalak ikusi eta aldatu ahal izateko.

Gainera, epe bat irekiko da hautagaiek haien aukerak aldatu ditzaten (zonalde eta jardunak) aplikatiboa martxan jartzen denerako. Zailtasun teknikoak tarteko lehenengo esleipena irailaren 15eko astean egingo dela esan digute.

Animo eta aurrera!

INFO-13_2025-07-16