LABek salatzen du Espainiar defentsa ordezkaritzak ikastetxeetan hitzaldiak emateko eskaintza egin diela EAEko ikastetxe publikoetako zuzendaritzei

343

LAB sindikatuak berriki jakin du Espainiako indar armatuek ikastetxe publikoetako zuzendariei posta elektronikoa helarazi dietela DBHko 4. mailako ikasleei hitzaldiak emateko eskaintzarekin. LABen ustez guztiz iraingarria eta desegokia da instituzio horrek gure ikastetxeetara jotzea, eta horregatik, hezkuntza komunitateari dei egiten dio ekimen horrekin bat egin ez dezan.

Iragan astean, Espainiako defentsa ordezkariordetzak posta elektronikoa bidali zien ikastetxe publikoetako zuzendariei, DBHko 4. mailako ikasleak indar armatuetan izena ematera gonbidatzeko hitzaldiak eskainiz. Aipatu hitzaldien ustezko helburua nerabeei lanerako aukera eskaintzea da. Horrez gain, egoitza militarrera bisita gidatuak egiteko gonbidapena ere egin die instituzio militarrak.

LAB sindikatuaren iritziz lekuz kanpo dago Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeek Espainiako indar armatuen aldetik jaso duten proposamen hau, eta Begoña Pedrosak zuzentzen duen sailari horrelako proposamenik zabal edo sustatu ez dezan eskatzen dio, ikasgeletan ez dagoelako Espainiako armadaren beharrik, hezkuntza kalitatea hobetuko duten bestelako baliabideen beharra baizik.

Espainiako Armadak gure ikastetxeetan landu eta transmititzen diren kontrako baloreak ordezkatzen ditu, beraz, LABek Hezkuntza Sailari dei egiten dio hezkuntza komunitatearentzat arrotza den erakunde militar horrekin kolabora ez dezan. Era berean, hezkuntza komunitateari kontu honekin adi egotea eskatu nahi dio LABek, baita gisa horretako bestelako ekimenak zalantzarik gabe sala ditzan ere.

Loading...