LABek Gizarte Ekimeneko Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei eskatu die gatazka gehiago ez luzatzeko eta eduki gehigarriak ekarriz datorren asteko greben bezperan negoziazioak intentsifikatzeko

342

LABek gaurko mahaian berriro ere adierazi du langile publikoekin soldata ekiparatzeko proposamenari ezin diogula uko egin eta patronalei eskatu die gatazka desblokeatzeko, lan kargak arintzeko neurrietan zein langileak birkokatzeko bermedun prozeduran eduki gehiago ekartzeko eta eros ahalmena berreskuratzea 2024 urtera arte.

Gizarte Ekimeneko lan-hitzarmena berritzeko borrokan hamalau greba egun egin ondoren, langileen indarraren ondorioz patronalak mugiaraztea lortzen ari garela adierazten du LABek. Patronalek mahaian jarritako proposamenen artean gizarte ekimeneko langileen soldatak langile publikoen soldatekin ekiparatzea LABek ekainaren 1ean sinaturiko akordio laboralaren ondorioz etorri da. Langileen indarraren bitartez gainera 2024tik aurrera lortzeko aukerak ditugu mahai-gainean. LABek ez dio inolaz ere uko egingo 2027an soldaten ekiparazioari lortzeari, langileen garaipen nagusietako baita.

LABek adierazi nahi du soldaten ekiparazioa langileek lortu duten garaipen handia izateaz gain, langileen eros ahalmena berreskuratzeko tresna oso baliogarria dela. Ekiparazioaren ondorioz %18ko eta %20ko igoerak daude mahai-gainean, hau da, Gizarte ekimeneko langileek langile publikoen soldata berdina kobratzeko igoerak. Borroka honen garaipena izan daitekeen igoera osoari eutsiko dio LABek.

Horretaz gain, urtarrilaz geroztik izan dugun laugarren mahaian langile ez dozenteen kolektiborako zein haur hezkuntzako lehen zikloko eta hezkuntza laguntza espezialisteentzako lanaldi murrizketan eduki gehigarriak jarri dira. LABek adierazten du gaur aurkeztu diren edukiei dagokienez, batetik, lan-zamak arintzeko neurrietan Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu osagarri gehiago norberaren lanetarako izan behar direla, Bigarren Hezkuntzan lan zamak gutxitzeko neurri gehigarriak eta Lanbide Heziketan
bikoizketak arautzeko prozedura zein konpentsazio ordu gehigarriak ekarri behar dela mahaira; eta bestetik, birkokapen akordioa bermeduna izan dadin ikastoletan bezalaxe lan-hitzarmenean txertatu beharrekoa dela.

LABek aurrekoetan esandakoa gogoratu die patronalei eta ikastoletan lorturikoa Gizarte ekimeneko mahaira ekarri behar dela eskatu, KE eta AICE-IZEA patronalek lan gatazka konpondu eta ez luzatzeko giltza baitute.

Negoziazio mahaiak aipatutako edukiekin deitzen ez diren bitartean, LABen gainerako sindikatuekin batera greba eta mobilizazio dinamiketan jarraituko dugu, diskurtso propioarekin, langileek behar dutena eskuratu arte.

Euskal Herrian, 2024ko otsailaren 2an

PDF Embedder requires a url attribute