LABek eskatuta eta proposatutako gai-ordenarekin Haurreskolak Partzuergoko mahai parekidea bildu zen abenduaren 16an

343

LABek aurreko ikasturtean eten zen lan-hitzarmenaren negoziazioa berriro abian jartzeko eskaera egin du hainbat aldiz Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzari. Bitartean, sindikatu honek sinatutako hitzarmena eta akordioak dira momentu honetan daukagun marko juridikoa eta zentzu horretan, alde bietatik errespetatzeko markoa.
Azken ikasturteetan eta hilabeteetan joko-arau hauek ez dira betetzen ari, Partzuergoaren partetik hitzarmenaren artikulu batzuk errespetatzen ez direlako edota beste era batean interpretatzen direlako.
Hauek izan ziren landutako gai batzuk. Beste batzuk hurrengo bileraren zain gelditu ziren:

20. artikulua.– Hezkuntza alorreko pertsonalaren eguneko lanaldia – 100 orduko prestakuntza
LABek salatu du aurtengo derrigorrezko formazioarekin egondako anabasa. Izan ere, pasa den ikasturtearen amaieran urteko proiektuaren hezurdura lantzea bazen helburua, ikasturte honen hasieran proiektua guztiz bukatuta egon behar zela planteatu da, kontuan hartu gabe horretarako ordu nahikorik ez dagoela. Horrez gain, lan kolektiboa izan behar dena erregistro pertsonalera desbideratzeko proposamena egin da Partzuergotik.
Partzuergoak konpromisoa hartu zuen beste ikastaroekin betetzeke dauden ordu-kopurua zenbatzeko eta hala badagokio, ikastaro horiek bertan behera uzteko.
Prebentzio ikastaroari dagokionez, hainbat izan dira lehen sorospen ikastaroaren saio teorikora konektatzean arazoak izan dituztenak eta ondorioz saio praktikoa ezin izan dutenak egin, teorikoaren %80a baino gutxiago erregistratu zitzaielako. Egoera aztertuko zutela esan zitzaigun eta aukerarik badagoen ikusi.

29. artikulua: – Gaixotasunagatiko edo istripuagatiko lizentzia.
Langileren baten baja medikua 12. hilabetetik aurrera luzatzen denean, Partzuergoak %100ren osagarria ordaintzeari uzten dio. LABek egindako erreklamazio batzuen ostean, osagarria onartu zaie langileei. Bilera honetan, LABek Partzuergoari eskatu dio egoera horretan dauden langileei ofizioz dagokien ordainketa egiteko. Partzuergoak onartzen du 12. hilabetetik 18.era ordaintzeko eskubidea baina soilik, langileak horretarako dokumentazioa eta eskaera aurkezten badu.
Beraz, Gizarte Segurantzak baja-egoera 12. hilabetetik aurrera luzatzen duenean, Partzuergoari dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko zaio dagokion osagarria jasotzeko. Azken urtean egoera horretan egon zareten langileei, LAB sindikatuarekin harremanetan jartzeko gomendioa egiten dizuegu.

39. artikulua.– Gaixotasun kronikoren bat edo mugitzeko arazoak dituzten senideei laguntzeko baimena. Orain arte baimen hau eskatzeko aurkeztu beharrezko dokumentuen artean, familiarraren ezgaitasun- agiria onartzen zen, orain ez da onartzen. Irizpide aldaketak alde sozialekin partekatzeko eskaera egiteaz gain, hemendik aurrera hitzarmenean dagoen literalidadearen arabera “mugitzeko arazoak dituen edo gaitz larri jarraituren bat txosten medikuaren bidez behar bezala” egiaztatu egin beharko dela adostu da.

44. artikulua.– Norberaren eginkizunetarako baimena – 3 egunetako baimena
Pasa den ikasturtera arte, zaintzarekin lotutako gutxieneko 3 egun eskatzeko, nahikoa zen seme- alaben eskolako egutegia justifikatzeko. Azken hilabeteetan Partzuergotik irizpide aldaketa egon da eta bestelako dokumentuak eskatzen dira Pertsonal Zerbitzutik.
Luze eztabaidatu ostean, ez ginen adostasunetara heldu eta Partzuergotik gutxienez langilearen bikoaren (bikotea badago) lan egutegia eskatzen jarraituko dutela adierazi zigun.

52. artikulua: 60 urtetik gorakoei zuzeneko arretako denbora murriztea eta bere ordezkapena.
LABek sinatutako akordioaren arabera, heren bateko kontratazioa gauzatu behar da murrizketa hau ordezkatzeko eta lan-zama hori lankideen gain ez uzteko. Nahiz eta adostuta eta idatzita egon, Gerenteak tokian tokiko haurreskolako beharrekin lotzen du ordezkapena, beharra dagoen hainbat haurreskoletan adinez nagusiak diren langile hauen murrizketaren osagarria ordezkatuta ez badago ere.
Horrez gain, Pertsonal Zerbitzutik hitz erdizka esan den moduan, koordinatzailea izateko derrigortasuna ez dugu onartzen eta murrizketa duten langile hauek erabaki beharko dute koordinazio- lanak egin nahi edota egiteko gai diren.

Bestelakoak:
Soldataren igoera: Ostiralean, hilak 16, 2022ko urtarrilaren 1eko atzera eraginez soldataren %1,5a jaso genuen.
Kontsolidazio prozesuaren oinarri orokorrak: Hurrengo asteazkenean, abenduaren 21ean izango dugu hezitzaileen eta kudeaketa arloko langileen kontsolidazio prozesuaren azken mahai negoziatzailea.

LABek proposatutako gai-zerrendaren beste gai batzuk lantzeko hurrengo bileraren zain gelditu ginen. Hala eta guztiz ere, adostasunetara heldu ez diren gaiekin hausnarketa egingo du LABek eta eman beharreko hurrengo urrats judizialak aztertuko ditugu.