LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok greba deitu dugu apirilaren 25ean Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

265

Gizarte Ekimeneko sindikatuok Lan Hitzarmen berriaren negoziazio mahaia bloketatuta dagoela partekatzen dugu. Izan ere, patronalek edukien gaineko proposamenik ez dute jartzen mahai gainean. Beraz, patronalen inmobilismoaren aurrean, mobilizazioei ekiteko erabakia hartu dugu. Aurreneko mobilizazioa martxoaren 23an izango da. 11:00etan elkarretaratzea egingo dugu Bilboko Jesuitak ikastetxearen aurrean. Eta apirilaren 25ean greba deitu dugu.

Lan hitzarmen berriaren negoziaketa prozesuan, 13 negoziazio bilera gauzatu ditugu jadanik. 2022ko maiatzean hasitako negoziaketetan, sindikatu guztiok ildo berdintsutik doazen eskaerak jarri ditugu mahai gainean. Patronalek, ordea, ez dute inolako negoziaketarako borondaterik erakutsi. Are gehiago, jadanik aurreko Lan hitzarmenean lortutako eduki batzuen inguruan atzerapausoak planteatu dizkiete.

Azken negoziaketa mahaia otsailaren 2an izan zen. Bilera hura, hurrengo mahai baterako datarik gabe amaitu zen. Izan ere, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek oso argi adierazi zuten ez zutela edukien inguruko proposamenik egingo. Edukiak jarri ordez, Eusko Jaurlaritzarengana eskutik joateko planteamendua egin zieten sindikatuei. Horretarako, aurreko Lan Hitzarmenaren negoziaketetan erabilitako argudio berdinak jarri dituzte aitzakia gisa. Ziurgabetasun eszenatoki bat eta ikastetxeen bideragarritasuna bermatzeko beharra.

Sindikatuok oso presente daukagu Eusko Jaurlaritzak baduela zeresanik. Baina baita, azken hitzarmena sinatu zenetik inoiz baino finantzaketa handiena jaso dutela ere. Uste dugu egindako planteamenduak edukiak jarri gabe mobilizazioa ekiditeko patronalen estrategia bati erantzuten diola. Patronalek negoziazio kolektiboari zilegitasuna kendu eta gatazka berriro sortzeko hautua egin dute.

Hori horrela, sindikatuok mobilizazioetara joko dugu. Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIaren araberako soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara planak, berdintasun planak eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialak abordatzeko planak ere jomugan ditugu sindikatuok.

Gizarte Ekimeneko aurreko lan hitzarmenaren aldeko prozesuan sektore honetako langileek argi erakutsi zuten beraien mobilizazio gaitasuna. Sindikatuok, beraz, Lan Hitzarmen berriaren alde mobilizatzera eta borrokatzera deitzen ditugu.

Sindikatuok EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan deituriko mobilizazioen kartela