Gizarte Ekimena: Kristau Eskolaren ikasturte hasierako ekitaldiko mobilizazioa

187

Gaur Kristau Eskolaren ikasturte hasierako ekitaldira etorri gara, 2024ko Otsailaren 6ean sinatutako Greba Amaierako Akordioa behingoagatik bete dezatela exijitzeko.

Langileok gure hitza fin-fin bete dugu baina patronalek beraien etxerako lanak egin gabe jarraitzen dute.

Akordioa bete arte estutzen jarraituko dugu.

Jarraian, intersindikalean adostutako irakurketa:

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako ordezkariek patronalei eta eskolei galdegin diete greba amaierako akordioa betetzea eta hitzarmenean txertatzea

Elkarretaratzea egin dute gaur Donostiako Elaiena eskolan Kristau Eskola patronal nagusiak antolatutako ikasturte berriaren hasierako ekitaldian

14 greba egun eta mobilizazioen ondorioz, greba amaierako akordioa sinatu zuten Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako mahai negoziatzailean ordezkaritza daukaten patronalek eta sindikatu guztiek. Otsailaren 5ean izan zen. Akordioa indarrean dago eta langileek akordioa bete dute. Horrela, greba bertan behera utzi zuten sinatu zen egunetik.

Akordioa sinatu eta zazpi hilabetera, patronalek eta eskolek ez dute akordioa bete. Sindikatuen ekimenez dozena bat bilera egin diren arren, greba amaierako akordioan sinatutakoa berriro negoziatzeko saiakeran dabiltza patronalak, eta oztopoak jartzen ari dira bertako edukiak adostutako baldintzetan hitzarmenean txertatzeko.

Greba amaierako akordioan jasotako eduki bakan batzuk aplikatzen hasi dira alde bakarreko irizpideak erabiliz, esaterako, zenbait kolektiboetarako adostutako lanaldi murrizketak edo Lanbide Heziketako konpentsazioa. Beste eduki batzuk, berriz, ez dira bete, hala nola, soldaten kasuan: ez dituzte ordaindu 2024ko finkatutako igoerak, akordioak hala behartzen badie ere, eta ez dute zehaztu soldata eguneratuen ordainketarekin hasteko datarik. Soldata igoera Jaurlaritzaren onespenaren eta finatziazioaren araberakoa izan dadila nahi dute.

Hori horrela, ikastetxe horietan ordezkaritza duten sindikatu guztiek bide judizialari ekin diote jada. 2024rako adostutako soldata ordainketak erreklamatzeko gatazka kolektiboko demanda bat aurkeztu dute EAEko Auzitegi Nagusian.

Sindikatuek akordioko eduki bakoitza betearazteko beharrezko tresnak aktibatuko dituzte; hala nola, materia bakoitza betetzeko epea iristen denean epaitegietako bidea zein akordioa betearazteko mobilizazioen bidea.

Gaur bertan, ehun ordezkari inguruko elkarretaratzea egin dute Donostiako Elaiena eskolan sektoreko patronal nagusia den Kristau Eskolak antolatutako ikasturte berriaren hasierako ekitaldian. Bertan, patronalei eskatu diete greba amaierako akordioa adostutako baldintzetan betetzeko eta hitzarmenean txertatzeko.

2024ko irailaren 26an