Kristau Eskola eta AICE-IZEAren ustez, ikasle bakoitzeko asteko 9 minutu eta 36 segundo nahikoak dira tutoreek lantokiko prestakuntzaren jarraipena egiteko

436

Lanbide Heziketaren inguruko mahai negoziatzailea izan dugu. Aurreko hitzarmenean Gizarte Ekimeneko patronalek eta sindikatu sinatzaileek utzi zuten negoziazioari ekin diogu; 2020-2021eko ikasturtean Lantokiko Prestakuntzarako 6 orduak koordinatzailearen eta tutorearen artean banatzeko modua negoziatzeko eta bikoizketak aplikatzeko, batez ere 20 ikasle baino gutxiago dauden geletan ikasleei arreta emateko zenbat ordu beharko diren zehazte aldera. Horretaz gain, aldeek 2020-2021eko ikasturterako ere, lanaldiaren banaketa irregularra negoziatzeko konpromisoa hartu zuten eskola orduen eta osagarrien artean proportzioa mantenduz. Bi ikasturte beranduago, eta 29 greba egun egin ostean, aipatutako gaiek oraindik ere berdin jarraitzen dute, eta aldeen artean hartutako konpromisoari muzin eginez.
Testuinguru honetan Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk hasiera batean hurrengo proposamena ekarri digute: 4 ordu proposatu dituzte Lantokiko Prestakuntzaren jarraipenerako tutoreentzat. Hau beti ere 25 ikasleko taldeetan. 25eko ikasle kopurutik behera, hiruko erregela bidez kalkulatuko litzatekeelarik, beherantz noski.
Ordu irregularren banaketan (zikloetako 2. mailetako irakasle direnek aplikatzen dituzte, eskolan ikasle horiek 2 hiruhileko egiten dituzten tartean) 27 ordu lektibo/aste proposamenarekin hasi dira, baino langileen ehuneko batekin ordea:

27 ordu lektiboko/aste langa gainditu ahal izango dute langileen ehuneko hauek:

-28 ordu lektibo /aste plantilaren %30ak eduki ahal izango luke.

– 29 ordu lektibo /aste plantilaren %20ak eduki ahal izango luke.

– 30 ordu lektibo /aste plantilaren %10ak eduki ahal izango luke.

Gure harridurarako gaur egun ikastetxeetan ematen den egoera baino kaskarragoko proposamena izan da. Eztabaida luze baten ostean 2. proposamen bat luzatu digute: 4 ordu lektibo eta 2 osagarri Lantokiko Prestakuntzaren jarraipenerako, ikasleen kopuruen arabera egokituko litzatekeena.

Proposamen hau, aurrekoa bezain eskasa da, 2017-21 hitzarmenean eztabaidarako adostu zituzten terminoak baino abiapuntu okerragoa duelarik. Honekin, 9 minutu eta 36 segundo eskaini beharko lizkioke tutoreak praktikaldian dagoen ikasle bakoitzari. Lotsagarria!
Ordu irregularren banaketari dagokionez, proposamena onartezina da. Irakaslea ia ordu osagarri gabe uzten da eta gainkarga ikaragarria da. Kontuan izan behar da hitzarmenaren arabera 21/22 eskola ordu/aste direla eta 32 ordu presentzial, eta horrela ere ozta-ozta betetzen direla eginbeharrak. Guztiz onartezina 2. proposamen hau aspektu honetan ere.
LABetik hurrengo proposamena egin genuen: 21/22ordu lektibo/aste kopurutik gertukoena den banaketa irregular bat osatzea, ulertuta banaketa hori eman litekeela, baino inolaz ere 25 ordu lektibo/asteko langa gaindituta. Horretarako azaldu dugu lehen eta bigarren mailako moduluen banaketa justuago bat burutu behar dela, eta bigarren mailako moduluak ere bana litezkeela irakasle bat baino gehiagorekin, horrela ordu kopuruak hitzarmenak dioenera gerturatzera erraztuz.
Ikusita adostasuna posiblea ez zela urrian zehar berriro bilduko gara gai honi lehenbailehen irtenbide bat emateko. LABek lan eta lan jarraituko du langile guztien lan baldintzak hobetzeko.

2.info_-Mahai-Negoziatzailea-Lanbide-Heziketa