Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek gizarte ekimeneko negoziazio mahaira eduki nahiko ekarri ezean LABek 5 greba egun gehiago deituko ditu otsailean

215

Urtarrileko mobilizazio eta 5 eguneko greba dinamikari bukaera ematen diogu. Guztira 14 greba egun egin ditugu lan gatazka honetan. Hori dela eta, LABek sektoreko langileak zoriondu nahi ditu egindako lana eta borrokagatik eta adierazitako konpromisoagatik.

LABek gatazka desblokeatzeko lan kargak arintzeko neurriak, langileak birkokatzeko bermedun prozedura hitzarmenean txertatzea eta langile publikokoekin soldata ekiparatzeko bidean eros ahalmena berreskuratzeko proposamena mahai negoziatzailera ekartzea eskatzen die Kristau Eskolak eta AICE-IZEA patronalei.



Gizarte Ekimeneko lan-hitzarmena berritzeko borrokan hamalaugarren greba eguna egin dute gaur sektoreko langileek. Gaurkoan ere Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimo gehiegizkoen aurrean milaka langile bildu dira Bilboko kaleetan.

LABek berriro ere adierazi nahi du ikastoletan lorturikoa Gizarte ekimeneko mahaira ekarri behar dela eta bide horretan Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei eduki horiek mahai negoziatzailera ekarri behar dituela eskatzen die lan gatazka konpondu nahi badute.

Zehazki, hurrengoa eskatu du LABek: 2024rako %15etik gorako soldata igoera, 0-2 urteko hezitzaileen soldata 2 urteko hezitzaileekin parekatzea, lan-hitzarmenean bermeduna izango den birkokapen klausula jasotzea eta lan zamak jaisteko neurri konkretuak. Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu osagarri gehiago norberaren lanetarako izan behar dira, DBHn ikastoletako lan-hitzarmenean dauden neurriak ekarri behar dira eta Lanbide Heziketan bikoizketak arautzeko prozedura zein konpentsazio ordu gehigarriak behar dira.

LABek patronalei eskatzen die eskakizun gehigarri horiek mahaira ekartzeko eta bere prestasuna adierazten die negoziazioetan jarraitzeko. Izan ere, LABek Kristau Eskola eta AICE-IZEAri erantzukizuna eskatzen die eta gatazka luzatzera ez jolasteko. Egin ezean LABek ez du beste biderik ikusiko eta otsailaren 6, 7, 8 eta 19 eta 20an grebak eta mobilizazioak deituko ditu.

Negoziazio mahaiak aipatutako edukiekin deitzen ez diren bitartean, LABek gainerako sindikatuekin batera greba eta mobilizazio dinamiketan jarraituko du, diskurtso propioarekin, langileek behar dutena eskuratu arte.

Euskal Herrian, 2024ko urtarrilaren 25ean

PDF Embedder requires a url attribute