Irakasleak EAE: Pausuak emateke ikasturteko lehenengo mahai negoziatzailean eta desburokratizazio batzordean

339

Gaur, irailak 10, ikasturteko lehenengo mahai negoziatzailea izan dugu. Bertan, hiru gai nagusi joarratu ditugu: akordio berrian jasotako 55 urtetik gorako bitarteko irakasleentzako plan espezefikoa, Lekualdatze lehiaketa autonomikoa eta irakasle funtzionarioen esleipen prozesuaren araudi berria. Bestalde, akordio berrian jasotako desburokratizazio batzordearen lehenengo bilera izan dugu.

Gaurko mahai negoziatzailea eta desburokratizazio batzordea akordio arautzailea sinatu ondorengo ikasturteko lehenengoak izan dira, eta zentzu horretan, akordioaren ondorioz ikastetxeetan izan ditugun hobekuntzetan jarri nahi dugu azpimarra. Besteak beste, honakoak dira martxan jarritako neurri batzuk: irailaren 1ean jabetza egin ezin izan duten bitarteko funtzionarioei lanpostua erreserbatu zaie lehenengoz; 15 urteren ondoren soldaten igoera bertan erabakitzea lortu dugu eta akordioan jasotako %7ko igoeraren lehen zatia (%2) iraileko nominan islatuko da; bitarteko funtzionarioentzako udako ordainketa berreskuratu da; lizentzia eta baimen berriak erabilgarri daude maiatzaren 10etik (edoskitzerako egunak luzatzea, gurasotasuna etenik gabe hartuz gero bi astez luzatzea, seme-alabak medikuarenera laguntzeko baimena…); iaz baino talde gutxiago egon arren eta lanpostu batzuk falta badira ere irakasle eta baliabide gehiago ditugu aurten;

Dagoenekoz 2.000 bat langileri eragin dieten gazteberritzerako neurri berriak martxan daude, urteko modalitatean zein metatuan; irakastordu bat jaitsi da Haur eta Lehen Hezkuntan, eta Bigarren Hezkuntzan 17 irakastordu izan behar ditugu, gehienez, nahiz eta Hezkuntza Sailak jaitsiera horri dagokion ordu kreditu nahikorik ez duen jarri hainbat ikastetxetan.

Laburbilduz, argi esan dezakegu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako irakasleen lan baldintzen hobekuntzak nabarmenak izateaz gain erreferentziazkoak direla mobilizazio zein greba bidez lortutako akordioari esker. Hala ere, akordioan jasotakoa osotasunean aplikatzeko borrokan jarraituko dugu. Era berean, salatu izan dugun bezala, ikasturte hasiera honetan ere ikasturte ohi bezala nahasia izan da. Zentzu horretan, Hezkuntza Sailari langileen kudeaketa egoki bat izateko baliabide informatikoak hobetzea eta lurralde delegaritzetan langileak artatzeko baliabide pertsonalez hornitzea eskatzen diogu.

Mahai negoziatzailea

55 urtetik gorako bitarteko irakasleentzako plan espezifikoa

Plan honen helburua adin horretatik aurrerako irakasleek lanpostu bat izateko prozedura bat zehaztea da. Hezkuntza Sailak egindako proposamenari ekarpenak egin dizkiogu sindikatuok, eta proposamen berriaren zain geratu gara.

Lekualdatze lehiaketa autonomikoa

Hezkuntza Sailak ikasturte honetarako zirriborroa bidali digu, gaztelania hutsean, eta dokumentu horri ere ekarpenak egin dizkiogu. Baita txandakatze prozesu bat egiteko proposamena luzatu dugu eta lekualdatze-lehiaketara lanpostu guztiak atera daitezela exijitu ere.

Irakasle funtzionarioen esleipen prozesuaren araudi berria

Gai honi dagokion dokumenturik ez dugu jaso, eta ahoz helarazi dituzte araudi berriaren edukiak. Adierazitakoaren arabera, esleipen prozesua sinplifikatzea da helburua; besteak beste, bi ikasturtez erreferentziazko ikastetxeari uko egiteko aukera aipatzen da. Aurreikuspenen arabera, ikasturtean zehar araudi berria zehaztu eta hurrengo esleipenetarako prest egotea da asmoa.

Desburokratizazio batzordea

Negoziazioetan zehar funtzezkoak izan ziren lan zama arintzeko neurriak eta baliabideak gehitzea hezkuntza kalitatean zuzenean eragiteko helburuz. Zentzu horretan eguneroko lanean eragiten duten burokratizazio lanak gutxitzeko eta ikasleei arreta hobea zuzentzeko neurriak adostuko ditugu gaur martxan jarritako batzordearen bidez.

Gaurko bileraren helburua batzordea aurkeztu eta osatzea izan da. Horrez gain, ikasturtean zehar luzatuko den prozesuaren faseak eta egutegiak azaldu dituzte. Aurkeztutakoaren arabera, diagnostikoaren lehenengo pausuak irailean ematea aurreikusten da, eta prozesua ekaina bitarte gauzatzea.

Bukatzeko, prozesuaren aurkezpena gaztelania hutsean izan dela salatu behar dugu, eta horrela adierazi dugu.

LABek lanean jarraituko du hezkuntza publikoa indartuko duten akordioa bete dadin. Horretarako, jarraipen zorrotza egingo du ikastetxeetako zuzendaritza zein langileekin batera. Zentzu horretan, datozen asteetan afiliatuekin foroak deituko ditugu eskualdez eskualde eta ikastetxeetan asanbladak deitu.

INFO_2025-09-10