Irakasleak EAE: Ordezko irakasleen araudiak ez ditu langile horientzat oinarrizkoak diren puntuak jasotzen

128

Ostiralean, martxoaren 7an, ordezko irakasleen zerrenda kudeatzeko araudia lantzeko mahai negoziatzailea izan genuen. Araudiak gai teknikoak jasotzen ditu, zerrendetara sartzeko eskakizunak eta prozedura edota merituak barematzeko irizpideak, besteak beste. Hezkuntza Sailak aurkeztutako proposamenari ekarpenak egin zizkion LABek, idatziz zein ahoz.

Era berean, LABek irmoki defendatu zuen ordezkoen zerrendetarako sarbidean Hizkuntza-eskakizuna irakasle guztiek bete behar duten baldintza izan behar dela. Beraz, administrazioak hezkuntza publikoa euskaldunduko duen plan zehatz bat garatu behar du, egun zerrendetan dauden Hizkuntza-eskakizunik gabeko irakasleak euskalduntzeko.

Bestalde, ordezkapenetarako kontratazio guztiak modu gardenean egin daitezela galdegin zuen LABek, izan ere, lanpostu guztietarako prozedura berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioetan oinarrituta egon behar da. Era berean, zerrenda guztien gardentasuna eta hauek publikoak izatea exijitzen dugu.

Azkenik, ordezko irakasleen araudiak ez ditu langile horientzat oinarrizkoak diren puntuak jasotzen, udako kobraketa berreskuratzea edota lizentziak eta baimenak karrerako funtzionarioekin parekatu ahal izatea. Beraz, 15 urteren ondoren, irakasleon lan baldintzak arautzen dituen akordio arautzailea (lan hitzarmena) berritu eta hobetuko dituen proposamenak ekartzea eta hauek lantzeko mahaiak dei ditzala exijitu zuen beste behin ere LABek.

Datozen egunetan egingo diren foroetan LABen komunitatea osatzen duten afiliatuekin akordio arautzaile (lan-hitzarmen) berriaren negoziazioaz eta helburu horretara iristeko borroka faseaz hitz egingo dugu.

INFO-2025-03-10