Irakasleak EAE: Nahikoa ez den akordio proposamenaren aurrean irakasleak berriro grebara

918

Hezkuntza Saila idatzizko proposamena mahai gainean jartzera behartu duten arren, greba dinamikarekin aurrera egitea besterik ez dute

Urtarriletik apirilera bitartean %90eko ordezkaritza duten STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deituta bederatzi greba egun egin dituzte irakasleek. Pasa den asteko azken bileran Hezkuntza Sailak negoziaziorako egutegia baino ez zieten aurkeztu. Atzo arratsaldean helarazi zien proposamen bat. Honek, aldarrikatutako edukiei ez die erantzun egokirik ematen oraindik. Izan ere, eduki, zehaztapen eta bermeak falta direla adierazi dute. Eta Hezkuntza Saila honen jakitun izan arren, ultimatum gisa planteatu du negoziaziorako aukera baztertuz. Biharko hitzorduak sinadura bakarrik dauka helburu. Horren aurrean greba ziklo hauen deitzaileak diren lau sindikatuek ez dutela sinatuko jakinarazi dute.

Beraz, orain arte egindako greba eta mobilizazio arrakastatsuek segida izango dute beste 5 greba egunekin maiatzaren 12, 13, 14, 15 eta 16an.

Indarrean dagoen irakasleen lan-akordioa 2010ekoa da, hortaz, 15 urte luze daramatza Eusko Jaurlaritza hura berritu gabe. Egindako grebetan, langileek argi eta garbi adierazi diote Hezkuntza Sailari hitzarmena orain eta hemen negoziatzeko beharra, eta Hezkuntza Sailak negoziatzeko atea zabalik duela saldu badu ere, errealitatea bestelakoa izan da: jarrera itxia, eszenifikazioa, edukirik gabeko bilerak …

Gainera, grebak desaktibatzeko xantaiak eta beste sektoreetan egin ez duten bezala, ez dituzte negoziatzeko aukerak aprobetxatu eta blokeoa luzatzen dabiltza. Hitz eta asmo politetatik harago, edukiak, zehaztapena eta konkrezioak behar dituzte sindikatuek.

Greba ziklo honetan, irakasleek, kalean adierazitako indarrarekin, oso mezu argiak helarazi dizkiote Hezkuntza Sailari: gero eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea eta jaiotza-tasaren jaitsierak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea.

Era berean, Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan-osasuna zaindu eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea eskatzen dugu, baita azken urteetan inposatutako atzerapausoak kentzea ere.

Hezkuntza Sailak urteak daramatza aldebakarrez neurriak inposatzen, eta harrokeria horrek ekarri ditu egoera honetara. Irakasleen lan baldintzak negoziatzeko garaia da. Hala, Hezkuntza Sailari eduki, zehaztapen eta bermeak dituzten proposamenak mahaiagaineratzeko exijitzen diote, inolako baldintzarik gabe.

Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea. Adierazitako aldarrikapenak lortzeko egiazko negoziazioa gauzatzea dute helburu, eta argi dute langileen mobilizazioekin batera hezkuntza publikoa erdigunean jartzea eta lan baldintzak hobetzea lortuko dutela.

Denok grebara! Denok kalera!

– Argazki galeria:

API-10-Prentsa-oharra-ELEBI