Hezkuntza publikoa indartu eta hezkuntza sistemaren ardatza izan beharko litzatekeen testuinguru honetan, hezkuntza komunitatea antolatu eta kaleak hartzea dagokigu. Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren bidean atzera urratsik ez emateko, langileok batu gaitezen borrokara!
Hezkuntza publikoan diharduten irakasleen lan baldintzak hobetu eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko behar den inbertsioa aldarrikatu dugu gaurkoan ere. LABek argi du langileon lan baldintzak hobetzeak zerbitzua hobetzea dakarrela bere horretan. Langileoi ezinezkoa zaigu kalitatezko hezkuntza bat eskaintzea eguneroko lan zamek itotzen gaituzten bitartean. Izan ere, azken urteetan irakasleetan gehiagora egin dute lan burokratikoek edota ikasleen beharrei erantzuten ez dieten formakuntzek. Hortaz etapa guztietan ordu lektiboen jaitsiera eta lan burokratikoak murriztea eskatzen du LABek, besteak beste.
Era berean, baliabide pertsonalez hornitu behar dira egun gizarte bezala ditugun erronkei erantzuteko. Izan ere, egun aniztasunean jarrita dugun arretari erantzuteko edo gure hizkuntzak eta kulturak bizi duen egoerari aurre egin ahal izateko ezinbestekoak ditugu baliabide berriak zein formakuntza edota plan zehatzak.
Horretaz gain, LABekerretiroa aurreratzeko plantillen gazteberritze plana garatzea, ordezkoen lan baldintzak hobetzea, galdutako erosahalmenaberreskuratzea, lizentziak eta baimenak zaintza ikuspegi batetik hobetzea, enplegu publikoa egonkortzea eta jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegua bermatzea eskatzen du. Ez dugu D ereduko ikaspostu publikoetan murrizketarik ezta enpleguaren suntsiketarik onartuko.
Gainera, LABekazpiegituretan ere inbertsioa egitea eskatzen du. Izan ere, ikasle zein langileok egunero jarduten dugun azpiegiturak osasuna bermatuko duten espazio seguruak izan behar dira eta egungo beharrei erantzun behar diete, hauek baliabideez hornituz. Are gehiago, zenbait kasutan, azpiegitura berriak sortu behar dira, izan ere, badira zenbait zentro guztiz zaharkiturik daudenak edota eraikin propiorik ere ez dutenak.
Beraz, LABek argi du ezinbestekoa dela borroka egitea langileen baldintzak hobetu eta hezkuntza publikoan neurriak lortu daitezen. Sare publiko bakar deszentralizatuan antolaturiko hezkuntza-sistema burujabea eraikitzeko. Doakotasunean, Euskalduntzean eta Euskal Curriculumean, inklusioan eta aniztasunean, pedagogia feministan, laikotasunean, kritikotasunean eta langileon lan-baldintza duinetan oinarriturik egongo dena.
Hezkuntza publikoa indartu!
Gora langileon borroka!