Atzo eta gaur bezala, bihar zein apirilaren 1 eta 2an greba egin eta kaleak betetzeko unea da.
Azken hilabeteetan greba zein mobilizazioen bitartez irakasleok izandako indar erakustaldiari esker Hezkuntza Sailak hainbat urrats eman eta LABek helarazitako eskaera batzuk jaso ditu proposamenetan.
Hala ere, adostasunetara iristeko gabeziak ditu baliabide, berme eta zehaztasunei dagokionez. Beraz, sinetsita gaude borroka ziklo berri honetan erakutsitako indar erakustaldiaren bitartez ere Hezkuntza Saila mugitzen jarraituko dugula.
Figura eta baliabide berriak
Alde batetik, herri bezala ditugun erronkei erantzuteko berebiziko garrantzia duten eta LABentzat estrategikoak diren hezkidetza edota euskara koordinatzaileak falta dira oraindik, baita aniztasunari erantzuteko baliabideak indartzea edota zuzendaritza taldeek duten lan zamari erantzuteko ordu kreditu gehigarriak zehaztasunez txertatzea ere. Aipatutako figura eta baliabide hauek hezkuntza kalitatean eta zerbitzuan eragiteaz gain, eskola publikoa indartu egiten dute eta egun irakasleok ditugun lan zametan eragingo lukete. Estrategikoak izateaz gain ezinbestekoak dira.
Lan zamak
Lan zamei jarraiki, zehaztasunak falta arren eta jasotakoak nahikotzat ez izan, egun langileak itotzen dituen burokraziari aurre egiteko neurri bakan batzuk hartzea, aniztasunari eta inklusioari erantzuteko lana banatzeko baliabide gehigarriak ezartzea edota ordu lektiboen jaitsiera proposatzen du administrazioak egin duen azken hurbilketan.
Zehazki esateko, Haur eta Lehen Hezkuntzan 2 ordu lektibo murriztea lortu dugu eta Bigarren Hezkuntzan 17 orduko gehieneko orduen barruan Hedatze programa txertatu da.
Enplegua sortu eta egonkortu
Bestalde, LABek azken urteetan egindako borrokak eta negoziazioek ere fruituak eman dituzte hezkuntza publikoan aritzen diren irakasleen enpleguan. Izan ere, 2023ko ekainaren 1ean sinatutako akordio laboralean adostu bezala, sailaren proposamenean behin-behinekotasuna %5era jaistea jasotzen da, baita EPE deialdietako gaitegiak eta materialak euskaraz prestatuko direla ere. Neurri honi esker, enplegua sortu eta gaur egun klaustroek bizi duten ezegonkortasunari erantzungo litzaioke.
Erosahalmena
Orain arte ez bezala, azken hilabete hauetan egindako mobilizazio eta borrokaren bidez Hezkuntza Sailak irakasleok galdutako erosahalmena berreskuratze bidean atea ireki eta soldata gordinaren %5etik gorako igoera jarri du mahai gainean. Honi, funtzioei lotutako hainbat osagarri ere gehitu behar zaizkio.
Ordezko irakasleen lan baldintzak
LABek ordezko irakasleen lan baldintzen garrantzia behin eta berriz jarri izan du erdigunean. Nahiz eta akordio arautzailean modu argi eta zehatzean ez jaso oraindik, ordezkoen udako kobraketa, kotizazioa eta puntuazioa berreskuratuko dela jasotzen da azken proposamenean, uztaila eta abuztua biak osorik aitortuz 165 lan egin dutenei.
Horretaz gain, LABek historikoki eskatu bezala, ordezko edo bitarteko funtzionarioen lizentzia eta baimenak karrerako funtzionarioen baimenekin parekatzea jaso da.
Irakasle teknikoak
Era berean, Lanbide Heziketako irakasle teknikoak hezkuntzan mantentzeko konpromezua adierazten da.
Gazteberritze neurriak
Azkenik, plantilak gazteberritzeko neurriak hobetzeko murrizketak erretirora bitarte zabaldu eta horiek metatzeko aukera lortu dugu. Metatzeko aukera hautatzean, egun jasotzen den proposamenaren arabera, transmisiorako ordu-lektiborik gabeko 3 hilabete eta erretiroa urte eta hiru hilabete aurreratzeko aukera zabaltzen da. Honako hau artikulatuan era egokian eta zehatzean jasotzeko propoposamena izango da LABena.
Borrokaren ondoriozko aurrerapauso batzuk lortu baditugu ere, LABek ez ditu nahikotzat hartu eta horregatik, greba eta mobilizazio dinamikekin jarraituko du. Aurrerapausoak daude lan zamak arintzeko ordu lektiboen jaitsieran, baliabide gehigarrietan, gutxienezko %5eko soldata igoeran, gazteberritze neurrietan, ordezkoen baldintzetan, behin-behinekotasuna %5era jaistean edota lan osasunerako neurrietan.
LABen ustez borrokan jarraitu behar dugu lehentasunez baliabide eta figura gehigarriak lehen bai lehen gure eskoletan izan ditzagun.Gainera, Akordio Arautzaile edo lan hitzarmenean zehaztasun eta epeak jasotzeko ekarpenak egiten jarraituko du eta lan zamen jaitsieran zein soldata igoeran lanean jarraituko du.
Beraz, orain arteko ibilbideari jarraiki eta langileon greba eta mobilizazioek emandako indarra baliatuta LABek borrokan jarraituko du 15 urteren ondoren irakasleon lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen berri bat lortu arte, baita hezkuntza publikoa indartzeko urgentziaz behar duen inbertsioa izan dezan eta baliabideez hornitu dezaten, kalitatezko hezkuntza helburu.
INFO-Irakasleak_2025-03-26-1