Irakasleak EAE: Grebek baldintzatutako mahai negoziatzailea

176

Atzo, otsailaren 24an, grebek izandako jarraipen zabalak eraginda mahai negoziatzailea deitu zuen Hezkuntza Sailak. Nahiz eta edukietan urrats bat eman duen eta proposamen berriez hitz egiten hasi den, LABek ez du nahikotzat jotzen mahai gainean jarritakoa. Bestalde, sailak mahaiak irudikatu nahi izan ditu beste behin ere; izan ere, mahaiaren aurretik ez dugu inongo proposamen idatzirik jaso. Beraz, proposamen idatzien gaineko negoziazio erreal bat abiarazi dezan exijitzen du LABek.

Arestian aipatu moduan, LABek ez ditu nahikoa oinarri ikusten ahoz jasotako proposamenetan, ondorengo arrazoiak medio:

Lan zamak: nahiz eta ordu lektiboen jaitsiera eskaini, ez da etapa guztietarako izango; are gehiago, ordutegiz kanpoko ordu lektibo gehigarriak egin eta hauek ordaintzeko proposamena jarri du mahai gainean sailak. Bestalde, burokratizazioan ez da asmoez haragoko proposamen zehatzik adierazi. Beraz, gaur gaurkoz, LABen eskarietatik urrun dago administrazioaren proposamena.

Gazteberritze plana: aurrera urratsak eman diren arren, neurriok ez die langile guztiei eragingo administrazioak ezartzen dituen baldintzengatik.

Ordezkoen lan baldintzak: LABek Hezkuntza Sailak aldebakarrez hartutako erabakietan atzerapausurik ez du onartuko. Beraz, udako kobraketa baldintzarik gabea eta langile guztientzat izan behar da. Era berean, lizentzia eta baimenetan aurrerapausuak eman arren, karrerako funtzionarioekin parekatzea eskatzen dugu, baita ordezkoen araudia negoziatu eta Irakasle Teknikoentzat irtenbide duina adostea ere.

Enplegua: LABekin akordio laboralean sinatutako %5eko interinitatea jasotzen du proposatutako akordioak, EPEak hiru urteko zikloetan egitea edota galdetegiak euskaraz eta eguneratuta izango direla. Bestalde, Madrildik inposatutako birjartze-tasa gainditu eta lanpostu guztiak azaleratzea eskatzen dugu, baita EPE eredu berri bat negoziatzea ere.

Lan osasuna: Hezkuntza Sailak ez du inongo neurririk proposatu; zentzu horretan LABekmediku azterketak bi urtean behin izatea eta arrisku psikosozialen eta lanpostuen azterketa egitea eskatzen du. Horrez gain, langileek dituzten ezintasun edo ezgaitasunen arabera, postuen egokitzapenak bermatzea.

Erosahalmena: nahiz eta zuzendaritzako kideei %30eko igoera egin, bi kargu betetzen dituzten langileek osagarri guztiak jaso, BeA figurek mintegiburuek jasotzen duten osagarri bera onartu, jardunaldi murriztuan dauden tutoreek osagarria bere osotasunean jaso eta lehenengo seiurtekoaren kapitalizazioa jaso, idatzizko proposamenean ez da langile guztiei eragingo dion osagarririk jasotzen.

Hezkuntza Sailak idatziz helarazitako proposamenak gure komunitatearekin landuko ditugu datozen asteetan deituko ditugun foroetan. Era berean, borrokan jarraituko dugu aldarrikapenak lortu arte, izan ere, Hezkuntza Sailak mobilizazio eta greben bidea besterik ez digu utzi.

Otsailaren 26 eta 27an grebara goaz!

INFO_Irakasleak