Irakasleak EAE: Gaur ere Hezkuntza publikoko irakasleen grebak oso jarraipen zabala izan du, atzokoaren parekoa

269

STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok deitutako grebak jarraipen zabala izan du bigarren egunez. Bilbo, Donostia eta Gasteizen burutu ditugun manifestazioetan milaka irakaslek kaleak bete ditugu berriro.

Sindikatuok batutako datuen arabera, grebak jarraipen zabala izan du, izan ere, deitutakoen%75etik gorak babestu du, atzoko greba egunaren parez pare. Hala ere, beste behin ere, salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoak direla eta milaka langileri greba eskubidea ukatu zaiela eta ondorioz, greba bera baldintzatua egon dela.

Bi greba egun hauetan irakasleek oso mezu argia helarazi diote Hezkuntza Sailari:

  • 15 urte direla hitzarmena eta lan baldintzak eguneratu gabe; eta aski dela.
  • Lan zamak arintzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia dela.
  • Eta, ez badago aldarrikapen hauekiko erantzunik grebetan jarraitzeko indarrekin daudela.

Beraz, hezkuntza sailari edukirik gabeko mahaiak deitzeari uzteko eskatzen diogu, grebak desaktibatzeko gutun eta estrategiak alboratzeko eta eskaera hauei erantzungo dioten proposamenak egiteko. Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitu eta lan baldintzak hobetu eta baliabideez hornitzea.

Aipagarriak dira greba babestu duten irakasle kopuru handia dela eta, irakas jarduera ia osotasunean geldirik izan duten ondorengo ikastetxeak:

  • Gipuzkoan: Martutene HLHH (100%); Lauaizeta BHI (100%); Igeldo Herri Eskola (%93) eta Harri Berri Oleta (100%) Donostian; Koldo Mitxelena HLHH (%80) Oreretan, Goizeko Izarra Ikastola Mutrikun (%85)
  • Bizkaian: Atxuriko eskola (%100) eta Txurdinaga (%100) Bilbon, Albiz (%70) Sestaon, Itxasoko ama (%97) Santurtzin edo Arziko eskola (%100) Basaurin, edo Minas BHI (%81) Barakaldon
  • Araban: Salburua HLHH (%90); Lopez de Guereñu (%82); Umandi (%74); Zabalgana BHI (%80) eta Amurrioko Zabaleko (%75)

Greba arrakastatsuak izan dira “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” lelopean. Gaurko hiru manifestazioetan milaka langile elkartu gara hiriburuetako kaleetan eta jarraipena emango diogu otsaileko greba deialdietan ere.

Aste honetako greba dinamikari jarraipena emanez, hurrengo astean ere greba egunak dituzte Haurreskolak Partzuergoko langile, sukaldari eta garbitzaileen sektoreetan, eta manifestazioak egingo ditugu lan hitzarmenak hemen eta orain erabakita lelopean. Haurreskolak Partzuergoan urtarrilaren 28 eta 29an izango dira grebak; eta Sukalde eta garbiketan urtarrilaren 30 eta 31an. Manifestazio lekuak jakinaraziko ditugu hurrengo egunetan.

U23-Prentsa-oharra-ELEBI