Hezkuntza Sailak azken momentuko mahai negoziatzaile batera deitu gintuen aurreakordio bat negoziatu eta grebak bertan behera uzteko intentzioz
Atzoko gauak negoziaketan harrapatu gintuen, eta hartu-eman luze baten ondoren, ez ginen akordio batera iritsi.
Hezkuntza Sailaren jarrera salatu nahi dugu, greba bezperan eta modu desegokian aritu baita. Argi dugu, aurrez denbora sobera egon dela bilerak deitu, eduki errealak mahai gainean jarri eta adostasunetara iristeko. Epeak eta orduak horrela luzatzea ez dira aproposak ez negoziazioko edukietarako, ezta hezkuntza komunitatearentzat ere.
Hezkuntza Sailak helarazitako aurreakordio proposamena ez dugu onartu, eta dokumentu hori zehaztasunetara jaisten saiatu gara une oro.
LABentzat estrategikoak diren eta Hezkuntza kalitatean zein lan zametan eragin zuzena duten figura eta baliabide gehigarriak jarri ditugu etengabe mahai gainean.
Izan ere, 2022ko maiatzaren 26ko akordioan jasotzen diren aholkulari, orientatzaile edota zuzendaritza taldeentzako ordu-kreditu gehigarrien hobekuntza lortu bagenuen ere, ez genuen bermerik izan hainbeste behar ditugun hezkidetza edota euskara koordinatzaile figurak txertatzeko. Baliabide gehiagarri hauek jasotzen ez duen akordiorik ez dugu sinatuko.
Sinetsita gaude erdietsiko den akordio batek eragin zuzena izan behar duela Hezkuntza kalitatean.
Gauzak horrela, lanean jarraitzea dagokigu. Ekarpenak eginez eta berriz mahai negoziatzaileak deitu bitarte, kaleak astinduz.
Inoiz baino indar gehiagorekin, ikastetxeak hustu eta kaleak txiki utziko ditugu!
Martxoaren 25, 26, 27 eta apirilaren 1 eta 2an irakasleok grebara!