Irakaskuntza publikoa EAE: Eskola Publikoen fusioez

620

EAEko Hezkuntza Sailak azken ikasturte honetan martxan jarrita dituen Eskola Publiko batzuen fusionatzeko planteamenduen aurrean, eskola publikoa ardatz, Euskal Eskola Publiko Komunitarioa helburu izanik LABek hurrengo borrokak jarriko ditu martxan:

  • Eskola publikoen fusioa ezin da inolaz erabili eskola publikoak duen perimetroa murrizteko, eskola publikoak ixteko, eta ondorioz, D ereduko ikaspostu publikoak murrizteko. LABek bultzatzen duen Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren kontrako norabidean doa, izan ere, sare publiko berri bakar deszentralizaturako bidea ez dugu egingo gain-eskaintza testuinguruan euskalduntzen duten eta aniztasun eta inklusioari erantzuten dioten ikaspostuak murriztuz. Hortaz, itxiera bezala kamuflatzen diren fusioen kontra egongo gara.
  • Jaiotze-tasaren beherakadak eta honen ondoriozko matrikulazioa gutxitzeak zein sistema dualaren ondoriozkoa den gain-eskaintzak herri jakinetan eskaintzen diren ikaspostuak gutxitzea dakar. Ikaspostuen galera horretan eskola publikoa ezin da galtzailea izan eta D ereduko ikaspostu publikoen defentsa sutsua izango da gurea. Eskola maparen bestelako antolaketa bat beharrezkoa da, non ikaspostuen galerak D eredukoak ez diren itunpekoen ikaspostuei eragingo dien.
  • Fusioak era egokian gertatzeko, bi aurre-baldintza gertatu behar dira LABen ustez: batetik, eskola bateko zein besteko hezkuntza komunitateek adostasuna izatea prozesuarekiko zein hezkuntza proiektuarekiko; eta bestetik, langileen kaleratzerik edota amortizaziorik ez egotea (lanpostu galera zein murrizketak). Gainera, langileen gaia sindikatuokin adostu beharrekoa da (antzinatasuna eskolan, kolektiboaren araberako araudiak aplikatzea edota hauek birnegoziatzea neurri berriak negoziatzea), hau da, langile kolektibo guztien egoera negoziatu eta adostu behar da. Ez dezagun ahaztu eskola publikoetako langile guzti hauen egoera adostu beharko dela eta hori izango da LABek defendatuko duena:

    1. Batetik, hezkuntza Saileko kolektibo ezberdinetako kideena; irakasleak, sukalde eta garbiketako langileak eta heziketa bereziko hezitzaileak. Lanpostuak suprimitzen edo modifikatzen badira, lanpostu horiek lekualdatzeetan zein esleipenetan daudela ziurtatuko dugu.
    2. Bestetik, aurrekoez gain, fusionatu nahi diren eskoletan azpikontrataturiko kolektibitateetako langileak, azpikontrataturiko garbitzaileak eta kasu batzuetan udaleko langile zuzenak (atezainak) edota Jaurlaritzakoak (administrariak) daude. Denen egoera da negoziatu eta adostu beharrekoa eta horren defentsa sutsua egingo du LABek.
  • Eskola bateko zein besteko eraikinen inguruko planak eta azpiegiturak hobetzeko proiektuak ere barnebildu behar ditu halabeharrez fusioak.
  • Eskola batean sukaldea badago eta bestean ez, LABen apustua eta eskakizuna sukaldea mantentzea izango da. Fusioen bitartez sortuko diren proiektu berri horietako sukaldeek hezkuntza saileko sukaldariak izan behar dituzte.
  • Tamaina kontuan hartuko dugu, makro eskolak sortzearen kontrakoak baikara. Makro eskolen aurrean, LABen apustua gertuko eta auzoan errotutako bi eskola txikiagoren aldekoa izango da.
  • Baliabide gehigarriak jarri behar ditu Hezkuntza Sailak eta LABetik hala eskatuko dugu; besteak beste, euskalduntzerako eta hizkuntza proiektua sendotzeko, hezkuntza proiektu berriaren garapenerako zein elkartze prozesuak eskatzen dituen gainerako lanetarako.

Euskal Herrian, 2025eko martxoan

LAB-Eskola-Publikoen-fusioen-aurrean