Ikastolak EAE: Lan hitzarmen berria lortzeko bidea egiten gabiltza

32

Aurkeztutako proposamena aztertuko duela adierazi du LABek mahaian

Urtarrilaren 24an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastolen Lan Hitzarmeneko Mahaiaren bilera egin zen. Ekarritako gaien artean, abenduan gauzatu berri zen altxaketaren inguruko argibideak eman zituzten. Batetik ikastoletara iritsitako diruaz arazo bereizirik egon ez eta Ikastolen Elkartetik, ikastolei egindako gomendioa, langile guztiei ordainketa egitea izan zela adierazi zen, ordaintzen ez den dirua galduko dutelako.

Otsaila bukaera arteko epea dute ikastolek jasotako diru horren zuriketa egiteko. Horrek zenbait arazo tekniko ekar dezakeela ere esan zen mahaian, izan ere langileek zuriketa egiteko garaian, sinadura elektroniko bidez egitea eska dezakeelako Hezkuntza Sailak.

Honekin batera, LABek sinatutako Akordio Laboralean jasotzen zen bezala, 2025erako beste altxaketa berri bat jasotzen duen taula aurkeztu zitzaigun Lan Hitzarmen Mahaian. Ikastolen Elkarteak eta EIBek aldebakarrez gauzatuko dutena. Aurkeztutako tauletan, ordainketa eskuordetuan dauden dozenteentzat soilik egin ditu altxaketak Hezkuntza Sailak. LABekin sinatu zuen akordioa bete gabe jarraitzen du beraz.

Egoera hau zuzentzen ez bada, bestelako bide batzuk aztertzea ezinbesteko izango da. LABek Hezkuntza Sailarekin batera sinatutako Akordio Laboralean jasotakoa bete dadin.

Bestalde, Errelebo Kontratuan (Erretiro Partziala) emango diren aldaketa sakonen berri eman zen mahaian. Errelebo kontratuak, gutxienez, 33 urteko kotizazio epealdia duen langileari eskaini ahalko zaio, bere erretiro adin erreala baino hiru urte lehenago. Lehen urtean, %20 eta %33 bitartean murriztu ahalko du jarduna eta azken bi urteetan %25 eta %75 bitartean.

Era berean, honek errelebistaren kontratuan ere aldaketak ekarriko ditu. Izan ere, errelebistaren kontratua jardun osoan eta behin betikoa izango da. Onartu diren aldaketa hauek, apirilaren 1etik aurrera gauzatuko dira.

Bukatzeko, Lan Hitzarmenaren azken testu proposamena helarazi zen. Azken proposamen honetan LABek egindako azken ekarpenak jasota zeudela adierazi zen mahaian, LGTB kolektiboarentzako berdintasun planen ingurukoak, baita LGTB pertsonen aurkako jazarpena ekiditeko protokoloa ere, aurretiaz egindako gainontzekoei gehituz.

LABek mahaian adierazi zuen aurkeztutako azken Lan Hitzarmen testua aztertu, eta, berandu baino lehen, emango zuela bere erantzuna, aspaldi hasitako bide honek guztiok nahi dugun bukaera izan dezan, ahalik eta azkarren.

URTARRILEKO-INFO