Ikasgeletan kamerak baino, adostutako baliabideak behar direla salatu du LABek

481

LABek inbertsioa, kameretan baino, hezkuntza kalitatea hobetuko duten baliabide pertsonaletan, azpiegituretan edota zaharkituak dauden eta lanerako ezinbestekoak diren ordenagailuetan egin behar dela eskatzen dio Hezkuntza Sailari.

Era berean, geldialdi bat egin eta digitalizazioaz hausnartzeko deia egin du.


Azken asteetan ikastetxeetatik LAB sindikatuari helarazi bezala eta Hezkuntza Sailak berak konfirmatu moduan, kamerak instalatzeko agindua eman du Sailak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan. Kamerekin batera, mahai gaineko ordenagailua, pantaila interaktiboak, hari gabeko mikrofono pertsonala eta gelarako mikrofonoa jasoko dituzte ikastetxeek.

Dagoeneko hainbat zentroetako ikasgeletako sabaian instalatzen hasiak dira, gainontzeko ikastetxeek datozen aste edo hilabeteetan instalatzera behartuko ditu sailak. Are gehiago, mahai gaineko ordenagailuak eta pantaila interaktiboak eskaini diren arren gutxiengo gailu bezala, kit guztia jasotzeko hautua egin du Hezkuntza Sailak.

Pasa den astean, urriaren 30ean, Hezkuntza Sailak zirkular baten bitartez jakinarazi zuen kamerak instalatu behar direla. Zirkularra, LABek langileekin batera egindako salaketaren ondorioa izan dela argi dugu; hala ere, berandu datorren informazioa izateaz gain LABek ez du nahikotzat jotzen. Izan ere, ikastetxeek duten autonomia zein hezkuntza komunitatea aintzat hartu gabe egingo du aurrera Begoña Pedrosa buru duen Sailak.

Arestian aipatutako gailuak Next Generation Europako funts publikoetatik jasotako 159,03 milioi euroren bitartez finantzatuak izan dira, azken hiru ikasturteetan irakasleek jasotako “CurriDigi” formakuntzen truk.

LABek gogorarazi nahi du formakuntza hauek ere Hezkuntza Sailak aldebakarrez erabakitakoak izan zirela, ikastetxeen autonomia kontutan izan gabe. Ikastetxeek plangintzatutako formakuntzak bertan behera uztea eragin zuen eta era berean, irakasleen lan zametan eragin nabaria izan zuen.

Teknologiek ikasleengan pedagogikoki duten eraginaz hausnartzeko beharra mahaigaineratu nahi du LABek. Hezkuntza Saila teknologia digitalak neurrigabe bultzatzen ari da, ikastetxeetan langileak digitalizazioari neurria hartu nahian dabiltzan bitartean; teknologia pedagogiara moldatu beharrean, pedagogia teknologiara moldatzera behartzen ari da.

Horrez gain, LABek uste du aproposagoa dela inbertsioa hezkuntza kalitatea hobetuko duten bestelako baliabide pertsonaletan, azpiegituretan edota ezinbestekoak diren eta zaharkituak diren ordenagailuetan egitea, eta ez kameretan. Zentzu horretan, Jaurlaritzaren aurrekontuan egun azpifinantziatua dagoen hezkuntza publikoaren gutxieneko inbertsioak Barne Produktu Gordinaren %6koa izan beharko lukeela eskatzen du LABek, Europako batezbestekoaren parekoa.

Beraz, Hezkuntza Sailaren aldebakarreko erabakien aurrean, LABek langileak mobilizatzera animatzen ditu eta kamerekin zer egin erabakitzeko hezkuntza komunitatearekin antola daitezen.

> BALIABIDEAK:

INFO-2025-11-04