Hainbat hobekuntza lortu ditu sindikatuak; hala nola, 0 eta 1 urteko geletako hezitzaileen soldata 2 urteko geletakoenarekin parekatzea,%15,3ko soldata igoera eta urteko lan orduen jaitsiera. Langile guztientzat soldaten parekatzea eta lan baldintzen homologazioa ditu jomugan orain sindikatuak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastolen lan hitzarmena sinatu du LABek, eta, hala, amaiera eman dio 2022an EHI eta EIB patronalekin hasitako negoziazio bide luzeari.
Asko aldatu da EAEko hezkuntza testuingurua negoziazio urte hauetan,.2023ko abendutik Hezkuntza Lege berria dago indarrean EAEn. LABek, beste hainbat eragilek bezala, ez zuen legea onartu; legearen ingurumarian, ekarpen eta ahalegin ugari egin zituen sindikatuak. Horien artean, Hezkuntza Sailarekin 2023ko ekainean sinatu zuen akordio laborala. Akordio horretan, EAEko Hezkuntza sistema osoko langileentzat hainbat konpromiso hartu eta sinatu zituen LABek Hezkuntza Sailarekin, segidan negoziazio mahai bakoitzean forma eman eta gauzatu behar zirenak; segida eman zitzaien konpromiso horiei ikastoletako negoziazio mahaian, eta, hari horri tiraka, 2024ko urtarrilean aurreakordioa sinatu zuten EHI, EIB eta LABek. Aurreakordioan, beste hainbat hobekuntzekin batera, 2027rako ikastoletako langile guztiak sare publikoko langileekin parekatuko zituen parekatze-prozesu bat adostu eta parekatzea gauzatzeari ekin zitzaion.
Testuinguru horretan, negoziazioa ez da erraza izan. Ziurgabetasuna izan da nagusi, eta, hainbat unetan, denbora aurrera joan eta nahikoa edukirik ez zela ikusirik, batzarrak eta mobilizazioak egin behar izan ditu LAB sindikatuak; besteak beste, 2023ko otsailean ikastoletako langileek EHIri eta EIBri zuzendu zizkieten 5.000tik gora eskari gutunak, negoziazio mahaian edukiak jartzeko eskatuz; eta Lakua aurrean LABeko ordezkariek egin zuten kontzentrazioa eta protesta.
LAB sindikatua saiatu da ingurumari nahasi horretan erronka horiei guztiei aurre egiten langileak antolatuz, borroka eginez, irudimenez, negoziazio mahaira ekarpenak eta alternatibak eramanez, eta horren guztiaren emaitza da lan hitzarmenaren sinadura.
Aurreakordioa sinatu genuenean, hainbat hobekuntza jaso ziren bertan, dagoeneko 2024ko irailetik ikastola askotan aplikatzen direnak. Baziren, ordea, hitzarmenaren sinadurara lotuta zeuden hainbat hobekuntza ere: HHko Lehen Zikloko 0 eta 1 urteko geletako hezitzaileen soldata, esaterako. Izan ere, sinadura ondoren, 2 urteko hezitzaileek duten soldata bera izango dute hezitzaile guztiek.
Gainera, besteak beste, honoko hobekuntzak jasotzen dira:
- % 15,3ko soldata igoera langile guztientzat.
- Urteko lan orduen jaitsiera administrazioko eta zerbitzuetako langileentzat eta0-3geletako hezitzaile eta jarduera osagarrietako langileentzat: 1585etik 1577ra, eta ordaindutako 2 lanegun.
- HHn eta LHn asteko 23 eskola-ordu, jolasaldiak barne.
- DBHn tutoretza partekatuak.
- Hezkuntza Laguntza Espezialistentzat ordu osagarrien gehitzea.
- Hainbat baimenetan orduak gehitzea, eta baimen berriak.
- Eskualdeka ordezkoen lan-poltsak osatzea.
- Genero-identitate eta adierazpenaren eta sexu-orientazioaren gaineko jazarpen protokoloak.
- Lan Batzordeak osatzea administrarien, sukaldarien eta garbitzaileen lan baldintzak aztertzeko.
Egindako lanaren emaitza ospatzeko garai da orain. Jomugan dugu, baina, akordio laboralean sinatu eta jaso zen bezala, soldaten parekatzea eta lan baldintzen homologazioa langile guztientzat izatea. Hori izan zen LAB sindikatuak Hezkuntza Sailarekin sinatu zuena, eta horixe da exijitu eta borrokatuko duguna: parekatzea eta homologazioa ikastoletako langile guztientzat. Hori lortze bidean, orain arte parte hartu dugun negoziazio guztietan – izan ikastoletako negoziazio mahaian zein Hezkuntza Sailetakoan– erakutsi dugun indar, kemen eta determinazio bera erakutsiko dugu behar den lekuetan, baita kalean ere.
Horregatik, LAB sindikatutik lan hitzarmenaren sinadura ospatzera deitzen dugun indar berarekin deitzen ditugu ikastoletako langileak Hezkuntza Sailak LABekin sinatu zuen akordio laboralean jasotako konpromisoak bete ditzan mobilizatzera.
LAB sindikatuak eskerrik beroenak luzatu nahi dizkie ikastoletan dituen ordezkariei, afiliatuei, eta ikastoletako langileei, oro har. Bidean jarraituko dugu, bakoitzari tokatzen zaionaren defentsan. Aspalditik gatoz eta urrunera goaz.
- Lan Hitzarmena irakurtzeko: Klikatu hemen
