Hezkuntza Publikoko sukalde eta garbiketan LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako grebak bigarren egunez %70tik gorako jarraipena izan du

59

Hezkuntza Saileko Sukalde eta Garbiketako 1.000 langile izan dira bi egun hauetako grebetara deituak. Atzo Bilbon egindako giza katean eta gaur Bilboko, Donostiako eta Gasteizko hezkuntza ordezkaritzetan egindako elkarretaratzeetan ehunka sukaldari eta garbitzaile bildu gara.

Grebak eta mobilizazioek izandako babesak argi erakusten du grebetan jarraitzeko indarra daukatela aldarrikatutako edukiak lortu arte.

Bi greba egun hauetan 16 urtez hitzarmena eguneratu gabe dagoela salatu dugu. Baita kolektibo hau feminizatuena den Hezkuntza saileko esparrua dela ere eta lan baldintza prekarioenak dituena ezein pribatizazio prozesu handiena bizi duena.

Hitzarmena berritzeko grebetako aldarrikapen nagusiak hauek dira: lan zamak arintzeko bazkaltiar eta garbiketaratioak hobetzea eta lanaldiak murriztea; erretiroa aurreratzeko gazteberritze planak adostea; galdutako eros-ahalmena berreskuratzea; funtzioak definitzea eta kategoriak egokitzea; enplegua egonkortzea eta pribatizazio zein fusio edo itxieren bidez lanpostu suntsiketak eragozteko neurriak hartzea, ordezkoen lan baldintzak hobetzea, lizentziak eta baimenak hobetzea eta lan osasuna, berdintasuna eta euskara planak garatzea.

Salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak gehiegizko zerbitzu minimoen bitartez kolektibo honen greba eskubidea baldintzatu nahi izan duela.

Hau horrela izan arren, greba egiteko aukera izan duten langileen artean, grebak %70 eko jarraipena izan du. Besteak beste, aipatzekoak dira, gutxieneko zerbitzuak kenduta langileen %100ak greba egin duen ondorengo eskoletako sukaldeak:

  • Gipuzkoan: Donostiako Ikasbiden, Hernaniko Meaben, Urretxuko Gain Zurin, Errekalde HLHI Oñatin, Hondarribiko Talaian Egape Urnietan eta Mutrikun.
  • Bizkaian: Bilboko San Inazio eta HLHI Pio Baroja, HLHI Mendia Balmasedan, HLHI Kontxa Karrantzan, eta HLHI Orozko.
  • Araban: Gasteizko Gamarran, Araiako herri eskolan, Dulantzin eta Langraitzen.

Garbiketako langileen kasuan ere grebaren jarraipena oso zabala izan da. Erabatekoa, besteak beste, Bergarako Ipintza eskolan, Donostiko Zubiri Manteo, Zarautzeko eskolan, Elgoibarrekoan, Gasteizko Hizkuntza Eskolan eta Francisco de Vitorian.

Azkenengo negoziazio mahaia urtarrilaren 27an izan zen, sailak deituta. Halaber azken urteetan gertatu ohi den moduan, ez zen fundamentuzko edukirik mahai gaineratu eta gainera greba deialdia bertan behera uzteko aurreakordio proposamena egin zigun. Hurrengoa otsailaren 11rako deitu du, proposamenik bidali gabe. Edukirik gabeko bilerak deitzeari uzteko eta aldarrikapen hauei erantzungo dion proposamena jorratzeko argi eskatu diote langileek Hezkuntza Sailari.

Eduki horiek iristen ez diren bitartean grebetan jarraituko dugu.

Argazki galeria:

U31-Prentsa-oharra-ELEBI