Hezkuntza lege-aurreproiektuan LABen ekarpen batzuk onartu ostean, legea hobetzeko eragiten jarraituko du sindikatuak

1334

EAEn hezkuntza lege berri bat egiteko prozesua martxan jarri zenean, LABek prozesuan eta legean eragin eta hezkuntza eraldatzeko aukera hori baliatzeko apustua egin zuen, jakinda borroka eta presio biderik gabe ezinezkoa izango zela Euskal Eskola Publiko Komunitariorako bidea egitea. Hau da, presiorik gabe nekez lor daitekeela sare publiko bakar deszentralizatu eta burujabean antolaturiko hezkuntza sistemak behar dituen eraldaketa horiek aurrera ateratzea.

LABek hasieratik esan izan du Hezkuntza Lege batek, ezinbestez, eremu politikoan egin beharreko akordioez gain, eremu sindikal eta sozialarekin ere adostasunak eskatzen dituela. Horretarako, LABek eskatu izan duen Mahai Sindikala eratuko da datozen egunetan. “Mahai sindikal horretan langileen lan baldintzak eta hezkuntza eraldatzeko beharrezkoak diren edukiak landu behar direla uste dugu”, adierazi du sindikatuak.

Hezkuntza Sailarekin izaniko elkarrizketek eman dute beren fruitua. Hezkuntza legea garatzeko, langile guztiak, hau da, langile publikoak (haurreskoletakoak, heziketa berezikoak, sukalde eta garbiketakoak zein irakasleak), itundutako eremuan ari diren ikastoletako eta gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak zein azpikontrataturiko langileak aintzat hartuko dituen akordio laboralerako oinarriak jartzea lortu dute.

“LABek adostu dituen oinarri hauek gainerako sindikatuekin batera mahai sindikalean landu, sakondu eta zabaldu nahi ditugu, ondoren, dagokion negoziazio-mahai bakoitzean garapena izango dutelarik”, zehaztu dute.

Zentzu horretan, mobilizazio eta grebak egiteaz gain, LABek ekarpenak egin zizkion irailean publiko egin zen lege-aurreproiektu zirriborroari. Eta gaur publiko egin den behin-betiko hezkuntza lege aurreproiektua aztertuta, LABek egindako ekarpen batzuk jaso ditu testuak:
• Funts publikoak jasoko dituzten ikastetxeei ezarri beharreko betekizunak zehaztu dira.
• Doakotasuna bermatzeko, hau da, kuotak ez kobratzea kontrolatzeko, administrazio-unitatea sortzea.
• Doktrinamendurik eza legez jaso da funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan.
• Udal Hezkuntza Kontseiluek izan beharreko funtzioak gehitu dira, besteak beste, honako gaiei buruzko aholkuak emango dituzte: ikasleen banaketa orekatuari, planifikazioak dakarren eskola-maparen egokitzapenari, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste izaera batekoengatik ez bereizteari edota udal partzuergoak sortzeko aukerei buruzkoak.
• Titularitate pribatuko ikastetxeen publifikazio prozesuak ikastetxeekin adostasunez egingo direla jaso du legeak.
• Ikastetxeen parte-hartzeari dagokionez, irakasleez gain, gainerako langileen parte-hartzea.
• Hizkuntza proiektuak lortzeko eta ikas-eredu orokortuan sakontzeko hezkuntzaren eskumena duen sailak eman beharreko baliabide gehigarriak jaso dira.

Badira, oraindik ere, garapen eta zehaztasun maila handiagoa eskatzen duten gaiak:
• Euskalduntzearen atalean, hizkuntza ereduak gainditu eta euskararen ikas-eredu orokortu eta inklusiboa progresiboki ezartzeko planifikazioa.
• Eskola publikoa erdigunean jartzeko neurriak, bereziki planifikazioari loturikoak.
• Inklusioaren aldeko eta segregazioaren kontrako neurrien inplementazioa eta araubideen berrikusketa, hauek kohesio soziala izanik printzipio nagusitzat. Eskola-segregazioaren kontra egingo den akordioak, akordio soziala barnebiltzea.

Ereduari loturiko beste gai batzuetan, berriz, gabeziak ikusten ditu LABek: “Batetik, Euskal Hezkuntza Zerbitzuari dagokionez, ez dugu partekatzen Euskal Hezkuntza Zerbitzuari publiko abizena jarri izana. Gure ustez, Euskal Hezkuntza Zerbitzua ezin da amaierako geltokia izan, sare publiko, bakar eta deszentralizatu baterako, konfluentziarako tarteko eskenatokia baizik. Ildo horretan, positiboki baloratzen dugu funts publikoak jasotzeko ikastetxeen betebeharrak definitu izana. Aldiz, betebehar horiek betetzen ez direnean, ituna galtzeko aukera esplizituki jaso behar dela uste dugu”.

Bestetik, Lege-aurreproiektuaren zioetan ez da jasotzen ez Euskal Herriak bere hezkuntza-sistema burujabe eta propioa eratzeko duen eskubidea, ez Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin egiturazko harremana izateko prestutasunik, ez eta egiturazko neurritzat Euskal Herriko ondare linguistiko, kultural eta soziala aintzat hartzen duen Euskal Curriculuma eratzeko prozesurik ere.

“Hezkuntza eraldatzeko lege on baten aukera parez pare irekia dago eta jarraituko dugu hori lortzeko eragiten”, azpimarratu du LABek.

Hori guztia esanda, datozen egunotan hezkuntza lege-aurreproiektuaren balorazio sakonago bat plazaratuko du sindikatuak.