[IRITZIA] Sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Irakaskuntzako idazkari Irati Tobarrek sinaturiko iritzi-artikulua duzue honakoa:
Hezkuntza ereduak berebiziko garrantzia du jendarte ereduaren definizioan, eta egungo hezkuntza sistemak asko du hobetzeko. Norabide honetan, EAEn, Hezkuntza Hitzarmen berri baten beharra agenda politikoan kokatu eta eztabaida ireki izana positibotzat jo dugu.
Garrantzi handia ematen diogu hezkuntza komunitateak eztabaida honetan izan behar duen rolari. Adostasuna hezkuntza eragile ezberdinon artean erdietsi behar dela berresten dugu. 2017-2018an EAEko Hezkuntza Sailak egindako Hezkuntza Itunak patronalaren nahiak asebete zituen langileon hitza guztiz baztertuz. Prozesu hartako akatsak ez errepikatzea nahiko genuke. Argi daukagu hezkuntza-eragile ezberdinon arteko adostasunetatik etorri behar dela EAEko Hezkuntza Hitzarmen berria.
Duela hiru urte Iruten gogoeta plazaratu genuen. Euskal Herriko Hezkuntza Sistema propio eta burujabea eraikitze bidean, inposatzen zaizkigun egungo hezkuntza sistema duala eta hizkuntza ereduak, biak ala biak, gainditu behar ditugula ulertuta. Sistema dualaren oinarrian dagoen kontzertazio unibertsala bukatzearen eta publikotasun berri baten alde egin genuen, herri- eta auzo-eskola komunitarioz osatutako sare bakarra, eta Euskal Eskola Publiko Komunitario izena eman genion. Diru publikoz osoki finantzatua, familia guztientzat, jaiotzetik hezkuntza-prozesu osoa bermatuko duena.
Ikastetxeak sare bakar horren parte izateko baldintza batzuk zehazten genituen: euskarazko murgiltze eredua, laikotasuna, inklusibotasuna (segregazioei aurre eginez), euskal curriculuma, pedagogia feminista, doakotasun erreal eta erabatekoa, berdintasun, meritu eta gaitasunean oinarritutako kontratazioa, eta kudeaketa-eredu garden eta parte-hartzailea, besteak beste. Antolaketari dagokionez, gurean 80ko hamarkadatik ezkerrak aldarrikaturiko egitura deszentralizatua defendatzen dugu. Udala edo mankomunitatea izanik 0-18 bitarteko hezkuntzaren kudeaketaren eskumena duena, ikastetxeen titularra; eta hezkuntza komunitatea, berriz, hezkuntza-egitasmoaren subjektua.
Hezkuntza Sistema propiorako bidean, lehentasunez segregazio oro (jatorri, klase, arraza, hizkuntza, genero, erlijio zein gaitasunengatik sortuak) amaitzeko neurriak hartu daitezkeela eta behar direla esaten genuen.
Orduan zirudien ez zela posible. Eta egun EAEko alderdi politikoak entzuten ditugu, ñabardura esanguratsuak izanik ere, antzeko kontzeptuen zein Hezkuntza Hitzarmen berri baten inguruan hitz egiten. Eztabaida ireki den honetan, 0-18 urte bitarteko hezkuntza sistemaren antolaketari dagokionez, LABen eskakizun nagusiak argiak dira, eta bi ideia nagusitan laburbiltzen dira:
1.- Kontzertazio unibertsala amaitu behar dela uste dugu. Doakotasun erreala bermatzeko eta segregazio oro ekiditeko, udal bakoitzeko hezkuntza komunitatea osatzen dutenekin, udal mailako plangintzak ezartzea beharrezkoa ikusten dugu. Era berean, finantzaketa publikoa duten eskola guztietan bete beharreko helburuak zehaztu eta bermatu behar dira. Sare bakarra ortzimugan, nortasun juridiko propioa duten eskolak, titularitate partekaturantz urratsak emanez.
2.- Inbertsioa handitu egin behar da (gutxienez BPGaren %6). Eskola publikoa baliabide nahikoz hornitu (pertsonalak, materialak, formaziorako zein azpiegiturari dagozkionak), langileak egonkortu eta kontsolidatu, eta eskolen antolaketan zein parte hartzean deszentralizazioa behar da. Eskola publikoak bigarren mailako izateari utzi behar dio.
Kalitateko hezkuntzarik ez dago kalitatezko lan baldintzarik gabe, eta hezkuntzako langileriari dagokionez berriz, LABentzat ezinbestekoa da:
1.- Hezkuntza lan guztien aitortza, bereziki feminizatuak eta, ondorioz, prekarizatuak direnak barne. Pribatizazio eta azpikontratazioak bukatu beharra dago.
2.- Langileon egonkortasun eta kontsolidazioa, etengabeko formazioa jasotzea (lehentasunez, euskalduntze eraginkorrerako estrategiak; ikasle etorkinak eskolan murgiltzeko programak; hezkidetza; eta berrikuntza pedagogikoak), langile guztion ratio eta lan-zamak jaistea eta kontziliaziorako neurriak.
3.- Langile kolektibo ezberdinetan beharrezkoak ditugun Lanpostu Zerrendak egokitzea, euskarazko profila dutela bermatzea, ezkutuan dauden lanpostuak ere azalaraziz, eta zaharkituta geratu diren lan hitzarmenak adostasunez berritzea.
4.- Hezkuntza langile guztientzat sarbide eta lan-baldintza berberak ortzimugan, aurrekoez gain:
4.1.- Eskola publikoetan, premiazkoa da behin-behinekotasuna amaitzea, kontsolidazio prozesuak burutzea, EPE ereduak guztiz aldatzea, gazteberritze planak, soldaten ekiparazioa (lan berdina, soldata bera) zein lan arriskuen ebaluazioak eta egokitzapenak gauzatzea.
4.2.- Itunpeko eskoletan, langileen lan-baldintzen homologazio eta ekiparazioa lortzeko neurriak. Horrekin batera, kontratazioetan gardentasuna, langileen prestakuntza, euskara gaitasuna eta erlijioarekiko jarrera dogmatikoak baztertzea.
Bukatzeko, azpimarratu nahiko genuke ez dela korrika hasteko unea. Konplizitate eta adostasun asko sortu behar dituen prozesuaren aurrean gaude, eta zoritxarrez traumatikoa izan zen kontrako prozesua bizi izan zuen Euskal Herriak. Beraz, EAJri argi esaten diogu, ez dezala legea helburu bilakatu. Orain urte gutxi erdietsi zuten Hezkuntza Itunak desoreketan eta bereizkerietan besterik ez du sakondu; akordioa soilik patronalarekin egiteak zer dakarren badakigu.
Egungo hezkuntza sistema agortua dagoen honetan, ez dadila 1993an gertaturikoa errepikatu. Balia ezazue aukera, hezkuntza komunitatearen parte garen eragileokin adostasunak erdiesteko. Langileok balia dezagun aukera herri honek behar duen hezkuntza ereduan aurrera urratsak emateko.