LAB, STEILAS eta UGTk abenduan sinatu genuen Lan hitzarmenaren baitan zehaztutako egutegiari jarraituz gaur mahai negoziatzailea izan dugu ordezkoen araudia negoziatzeko. Ordezkoen araudiari LABetik egindako ekarpen gehienak aintzat hartu dituzte.
Gaur, apirilak 7, Lakuan elkartu gara sindikatuetako eta Hezkuntza saileko ordezkariak. Bertan, ordezkoen araudiaren negoziaketarako 2. mahaia izan dugu. Gaurkoan, administrazioaren proposamenaren gainean sindikatuok egindako ekarpenak aztertu ditugu. Aintzat hartu dituztenak azaldu dituzte eta baztertu dituztenen arrazoiak mahai gaineratu dituzte.
LABetik gure ekarpenak defendatu ditugu eta falta direnak txertatzeko eskaera arrazoitu dugu. Besteak beste hauek dira egin ditugun ekarpenak:
- Ordezkagunean arrazoirik gabe “ez lanerako prest” egoeran jarri ahal izatea eta egoera nahi bestetan aldatu ahal izatea. Zerrendetan izena ematen den momentuan ordezkogaiek lanerako prest edo ez lanerako prest egoeren artean aukeratu behar izatea.
- Lanpostu hutsa betetzeko (bakanteak) jardun osoko kontratuei uko egin ahal izatea ikasturte hasierako esleipenetan parte hartzeko. Orain arte ordezkoek eta jardun erdikoek bakarrik uko egin zezaketen.
- SMS bidezko lanpostu hutsen eskaintzan jardun osoko lanpostu hutsa dutenek ere parte hartu ahal izatea.
- Ikasturte hasierako esleipenean nahitaezko esleipenik ez egotea.
- Uko ez justifikatuengatik zerrendetatik kanporatua izan ordez, urte betez ordezkagunean parte hartzeko aukera galtzea.
- Babes egoerako uko egiteek barematzeko eskubidea ematea.
- Irakasle lanpostuetan lan egiteko bezala, haurreskoletan lan egiteko uko egin ahal izatea ondoriorik gabe eta bi urteko aintzinatasuna kentzea.
- Ikastetxeko beharrak handitzen direnean kontratazio berria egin ordez, jardun erdiko kontratua duten langileek jardun osoko kontratua izateko eskubidea ematea.
- Hezkuntza sailak lanpostuak esleitzerakoan egindako hankasartzeak erreparatzeko bideak arautzea.
Merezimendu lehiaketa eta esleipenen egutegia
LABetik datorren ikasturtea baino lehen egin behar diren prozesu guztien egutegia eskatu dugu eta honekin batera, merezimendu lehiaketari dagokion informazioa eskatu dugu. Sailak maiatzaren bukaerarako izendapenak egitea aurreikusten du, kontuan edukita jabetzak irailaren 1ean egingo direla. Mediku azterketak aurrera doaz eta maiatza hasierarako bukatzea aurreikusten da. Baja egoeran dauden eta finkatuko diren langileek mediku azterketa beranduago egiteko aukera izango dute. Administrazioak bajak luzatzen diren kasuetarako babes egoerak bilatzeko konpromisoa hartu du ahoz. Egoera horietako batean bazaude, jarri gurekin harremanean.
Bestalde, finkapenari uko egitearen ondorioz ordezkoak deitzen hasi dira (gutxi batzuk dira). Horrez gain, finkapena lortu duten hainbat langilek dokumentazioa ez dutela aurkeztu adierazi zaigu. Gogorarazten dizuegu dokumentazioa aurkeztu behar zela edo hau ikusteko baimena eman behar zela. Egoera honetan zaudetenei “nire karpeta”ra komunikazioa bidali zaizue, dokumentazioa aurkezteko 10 eguneko aukera emanez.
LABetik, irailaren 1a baino lehen jubilatzen diren langile finko berrien lanpostuak berriro esleitzea eskatu dugu.
Datorren ikasturterako aurreikuspenak
Lan hitzarmen berriaren ordutegi aldaketak baliabideen esleipenak egiteko modua aldatzea ekartzen du. Gaurkoan administrazioari adierazi diogu intentsitateak eta ratioak datorren ikasturterako aurreikuspenak egin baino lehen negoziatu eta adostu behar ditugula.
Laster honen inguruan aritzeko mahai bat deituko dutela adierazi zaigu.
LABetik Heziketa bereziko hezitzaileon lan baldintzetan hobekuntzak emateko borrokan jarraituko dugu.
INFO_Heziketa-Berezia_2025-04-07