Heziketa Berezia EAE: LABetik Lan Legepeko irakasle eta hezitzaileen mahaiak edukiz betetzea exijitu diogu Hezkuntza Sailari

761

Atzo, hilak, 22 ikasturteko Hezkuntza Saileko Lan Legepeko irakasle eta hezitzaileen bigarren Mahai Parekidea eta bigarren Mahai Negoziatzailea izan genuen.

LABetik eskatu dugu foro hauei merezi duten denbora eta garrantzia ematea, ordubeterekin uste baitugu ez dela nahikoa gure kolektiboan dauden gaiak garatu eta lantzeko eta dauden arazoen aurrean proposamen eraginkorrak egiteko. Horrez gain salatzen dugu mahai hauetarako behar den dokumentazioa aldez aurretik ez zaigula helarazi.

MAHAI PAREKIDEA

2024ko Gizarte eta Formakuntza funtsen datuak aurkeztu dizkigute. Era berean ostiralean, hilak 24ean egingo dituzte publiko eta urriaren 25etik urriaren 31ra arte erreklamazio epea egongo da irekita. LABetik zabalduko dugu informazio gehiago.

LABek sinatutako akordio laboralari jarraituz, Lan Hitzarmenean jasotako Haurreskola patzuergoko hezitzaileekiko Hezkuntza Laguntzako Espezialista, Zeinu Hizkuntzako Interprete eta Transkribatzaile eta Material Egokitzaileen soldata ekiparazioaren %60a 2025eko iraileko nominatik aurrera jaso behar genuen (2025eko urtarrileko atzeraeraginez), eta gainontzeko %40a 2026ko urtarriletik aurrera.

Jakingo duzuen bezala, administrazioaren akats batengatik eta LABen harridurarako, iraileko nominan soldata ekiparazioaren %100 jaso genuen, 2025eko urtarrileko atzera eraginez. Hori dela eta langileek jasotako gehiegizko diru kopurua itzuli beharko dute.

Hezkuntza sailetik, funtzio publikoa entzun ostean eta Gizarte Segurantzaren aurrean egoki jarduteko honakoa egingo dutela argitu digute. Kontuan izan 10 nominen (urtarriletik irailera eta ekaineko aparteko ordainsaria) %40a doitu behar dutela:

  • Urriko nominan: nomina normala izango da soldata ekiparazioari dagokion %60a barne baina abuztu eta irailean jasotako gehiegizko %40a kenduko dira (bi nomina).
  • Azaroko nominan: nomina normala izango da soldata ekiparazioari dagokion %60a barne .
  • Abenduko nomina: nomina normala izango da soldata ekiparazioari dagokion %60a barne eta falta diren gainontzeko 8 nominetan jasotako gehiegizko %40a kenduko da + uztailean egindako %0.5eko erregularizazioa).

Hezkuntza Sailetik adierazi digutenez, 170 langile inguru daude momentu honetan lan harremanik ez dutenak Hezkuntza Sailarekin. Gutun bidez adieraziko zaie nola itzuli jasotako gehiegizko diru kopurua.

MAHAI NEGOZIATZAILEA

> Ordezkapenak betetzeko arazoak: ikasturte hasieratik hainbat arazo egon dira ordezkapenak betetzeko. Ordezkaguneak hainbat akats informatiko jasan ditu eta LABetik argi dugu arazoa estrukturala dela.

Horrez gain eta batez ere hereneko murrizketak ordezkatzeko dauden arazoei irtenbidea emateko, hainbat proposamen egin dizkiogu idatziz administrazioari LABetik:

  • Indarrean dauden jardun erdiko bakante eta ekoizpen kontratuak osora pasatzea.
  • Ordezkoen zerrendan dauden hautagaien egoera aztertzea eta ezarri diren penalizazioak modu egokian ezarrita dauden ziurtatzea. Halaber, behin behinean penalizazio hauek bertan behera uzteko aukera aztertzea.
  • Adinagatikako murrizketa ikasturte hasieran edo bukaeran metatzeko aukera ematea langileei.
  • Zentro berean dauden jardun murriztuko ordezkapena metatzeko aukera irekitzea.

LABetik proposatutako neurri batzuk aztertzen daudela esan digute eta idatziz bidaliko zaigu proposamena.

Kezkaz jaso ditugu ordea, arazoari irtenbide emateko administrazioak egindako proposamenetako batzuk:

Batetik, Hezkuntza Sailak proposatu du ezohiko zerrenda irekiera bat egitea Euskarazko B2 hizkuntza eskakizunarekin. LABen argi dugu hizkuntz eskakizuna ez dela ematen ari den arazoaren oinarria ezta balizko irtenbidea ere ez. Euskara pairatzen ari den eraso eta oldarraldiaren aurrean gure irmotasuna azaldu dugu eta hizkuntza politiketan jarri behar dela fokoa langileak euskalduntzeko.

Bestetik, hereneko ordezkapenak metatu eta ekoizpenagatiko kontratu bezala eskaintzea proposatu dute. LABetik esan diegu, legeak ezartzen dituen mugez harago, kontratu mota hauek ez direla ordezkapenak betetzeko eta gainera hautagai guztiek (aipatutako muga legalak direla eta) ezin dutelako kontratu mota hau eskuratu, honek langilearentzako suposatzen duen kaltearekin.

Horrez gain, titulazio berriekin zerrendetan izena emateko aukera irekitzea jarri dute mahai gainean. Proposamen zehatza bidaltzeko eskatu dugu aztertu dezagun baina zalantza handiak sortzen dizkigu.

Edonola ere, LAB sindikatutik eskatu diegu lehenbailehen arazo honen jatorria zein den ezagutzeko azterketa sakona egin dezaten, neurri eraginkorrak adostu ahal izateko.

> Baliabideak esleitzeko irizpideak: Hezkuntza Sailak esan duenaren arabera LAB izan da proposamen osotua bidali duen sindikatu bakarra. Aniztasun eta inklusiorako sailera bideratu dute hau. Hurrengo egunetan kontraproposamen bat bidaliko digute hurrengo mahaietan lantzeko. Hurrengo Mahai Negoziatzailea azaroaren 18an izango dugu.

LABek sinatutako Lan Hitzarmenean jaso bezala, hiru urtetik behin LEP deialdiak egingo dira, horregatik 2026rako deialdia egin behar da. Horretarako ezinbestekoa da baliabideak esleitzeko irizpideak adostuak egotea.

> Tramitagunerekin arazoak: langileek administrazioarekin harremanetan jarri eta izapidetzak egiteko pairatzen ari diren zailtasunak salatu ditugu LABetik beste behin ere. Administrazioak arazo larri baten aurrean gaudela onartu digu.

Irtenbide bila dabiltzala jakinarazi digute eta ziurrenik telefono zenbaki bat gaituko dute behin behinean arazoa arintzeko.

Edozein zalantza izanez gero, jarri LAB Sindikatuarekin harremanetan.

INFO-2025-10-23