Heziketa Berezia EAE: Hitzarmen berriko Lizentzia eta baimenen atala indarrean egongo da bihartik aurrera

183

Hitzarmena indarrean jartzeko tramitazioak 2 hilabete inguru iraungo du. LABek eskatuta gaur lizentzia eta baimenen atala indarrean jartzeko akordioa sinatu dugu LABek, STEILASek eta UGTk

Gaur, otsailak 4, ordezkoen araudia negoziatzeko hitzarmenean zehaztutako egutegia betez, Hezkuntza Sailarekin bildu gara. Mahai parekidean, LABetik hitzarmena lehenbailehen indarrean jartzeko prozedimentuak azkartzeko eskatu dugu eta indarrean jarri daitezkeen atalak berehala indarrean jartzeko exijitu. Hau horrela, lizentzia eta baimenen atala indarrean jartzeko akordio proposamen bat ekarri digute gaurkoan. Bertan, hitzarmenaren sinatzaileek akordioa sinatu dugu eta beraz, bihartik aurrera indarrean jarriko da atal oso hau. Ordezkoen araudiaren negoziazioari dagokionean, Hezkuntza Sailak sindikatuok egindako ekarpenak aintzat hartuz proposamen bat bidaliko digu eta horren gainean ekarpenak egingo ditugu LABetik. Horrela, gure helburua ordezkoek merezi duten araudia lortzea izango da.

Ondoren, mahai negoziatzailean, hezitzaileon zentroetako atxikipenaren inguruan aritu gara. Berritzeguneak Eragingune bihurtzeko dekretuari buruzko azalpenak eman dizkigute. Dekretua irailaren 1ean indarrean jartzeko asmoa adierazi dute. Langileon atxikipenaren proposamena hau da:

  • Hezkuntza Laguntzako Espezialistak eta Zeinu Hizkuntzako Interpreteak: Ikastetxeetara
  • Okupazio Terapeutak eta Fisioak: Eraginguneetara
  • Transkribatzaileak: IBTetara
  • Gizarte Langileak: Ordezkaritzetara

LABetik oroitarazi diegu berritzeguneak desagertzera doazen honetan hitzarmenean jasota dagoen bezala, baliabide pertsonalak esleitzeko irizpideak eta ratioak prozesu honetan negoziatu behar ditugula eta hitzarmenean zehazten den jardun erdiko lanpostuak osora pasatzeko plana negoziaketa honen baitan sartzea ezinbestekoa dela. Aldi berean, ibiltaritza irizpideak eta ikastetxeen berresleipena ere zehaztu behar direla argi utzi dugu.

Bestalde, atxikipen berriak ekarriko duen lan zentruak esleitzeko prozesua negoziatu eta adostu behar dela adierazi dugu. Aldi berean, langile ibiltariei eraginguneen sorrerak nola eragingo dien argitzea eskatu dugu.

Hainbatetan adierazi dugun bezala, administrazioaren aurreikuspen falta izugarria dago. Merezimendu lehiaketa berandu burutzen ari da eta honek atxikipenaren prozesua zaildu egiten du.

Gai hau lehentasunez lantzea adostu dugu. Horrela, proposamen zehatza eta dokumentazioa bidaltzekotan gelditu dira. Ekarpenak egingo ditugu.

LABetik heziketa bereziko kolektibo guztien aitortzan eta lan zamen arintzean lanean tinko jarraituko dugu.

INFO-Otsailak-4