Atzo, uztailak 10, baliabideak esleitzeko irizpideak negoziatzeko mahaia izan genuen. 2024ko abenduaren 19an sinatutako lan hitzarmenean zehaztuta dagoen moduan 24/25 ikasturteko azken hiruhilabetean negoziatu behar ziren, 25/26 ikasturtetik aurrera aplikatzeko. Baina beste behin ere edukirik gabeko proposamen batekin etorri da Administrazioa
LABetik argi dugu “Euskal Eskola Inklusiboa” ezin dela esaldi soil bat izan eta hau baliabidez hornitu behar dela. Ikasle orok bere garapenerako behar dituen baliabide pertsonal eta material guztiak eskura izan behar ditu benetazko inklusioa bermatzeko. Hau bermatze aldera, proposamenak eta ekarpenak bidali dizkiogu Hezkuntza Sailari behin eta berriro, baina bueltan ez dugu zentzuzko proposamenik jaso. Administrazioari argi eta garbi esan diogu bide eta tresna guztiak erabiliko ditugula lan hitzarmena bere osotasunean garatzeko eta ikasle zein langile guztien eskubideak bermatzeko, hezkuntza publikoa sistemaren ardatza izan dadin.
Ikasturte hasierako jarraibideak
Ikasturte hasierako jarraibideen inguruan ere aritu ginen mahaian . Jarraibide hauek berebiziko garrantzia dute, bertan ezartzen baita ikasturteko antolaketa. Hezkuntza Sailak bere proposamena bidali zigun eta LABetik honi ekarpenak egin genizkion. Gaur administrazioaren partetik gure ekarpenen buelta jaso dugu mahaian bertan, eta hainbat punturen inguruko eztabaida izan dugu. Aniztasunerako eta Inklusiorako departamentuak proposamen berria bueltan bidaltzeko konpromisoa hartu du.
Lan hitzarmen berria
Dokumentuaren azken sinadura
Hezkuntza Sailak adierazi digu hilabete honen bukaerarako LABek, STEILASek eta UGTk sinatutako Heziketa bereziko II. Hitzarmen Kolektiboren sinadura aurreikusten duela. Sinadura hau ematen den momentutik bere osotasunean indarrean sartuko da. Sailak aurreikusten du, soldatari dagokionez, LAB, STEILAS, Interinok, CCOO eta UGTk sinatutako Irakasleen hitzarmenean zehaztutakoari jarriki irakasle laboralak, fisioterapeutak, terapeuta okupazionalak eta gizarte-langileak %2,5eko igoera jasoko dute 2025eko ekainetik atzeraeraginez.
Hezkuntza-laguntzako espezialistak, transkribatzaileak eta material-egokitzaileak eta zeinu-hizkuntzako interpreteak: 2025eko urtarriletik atzeraeraginez ordainsari-aldearen % 60 aplikatuko da.
Lizentziak eta baimenak. Berme klausula
Lan hitzarmen berriko lehenengo xedapen gehigarrian (berme klausula) adierazten den bezala, lizentzia eta baimenei buruzko klausulak hobetu egingo dira unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarientzako akordio arautzailean ezartzen diren baldintzen arabera. LABetik eskaera bidali genion Hezkuntza Sailari hobekuntza hauek gure lan hitzarmenean txertatzeko eta horrela egingo dutela adierazi digute, hitzarmenaren sinadurarako barnebilduta egongo direlarik.
2024ko atzerapenen ordainketa
Eusko Jaurlaritzak langile publiko guztiei 2024 urteko %0,5eko soldataren igoera ordaindu behar digu. Adierazi diguten moduan, igoera hau uztaileko nominan jasoko dugula aurreikusten dute.


