Heziketa Berezia EAE: Bakante osoei uko egiteko akordioa sinatu dugu, ordezkoen araudiaren negoziazioarekin jarraitzen dugun bitartean

972

Gaurko heziketa bereziko mahai negoziatzailean hainbat gai landu ditugu: ordezkoen araudia, txanda edo errelebu kontratua, meritu lehiaketa eta Ikastetxeen esleipena, finko nahiz bakantedunentzat

Ordezkoen araudia

Lan hitzarmenean LAB, STEILAS eta UGTk sinatu bezala, ordezkoen araudiaren negoziazioarekin aurrera dihardugu. Gure ekarpenak kontuan hartuta, atzo gauean administrazioak azken proposamena bidali zigun. LABetik positiboki baloratzen badugu ere, gauza batzuk fintzeko gelditzen dira eta berriro ekarpenak egingo ditugu.

Ordezkoen araudiaren zirriborroan jasotako zenbait puntu nabarmendu nahi ditugu, besteak beste:

  • Hautagaiek nahieran inolako justifikaziorik gabe, “lanerako prest” edo “lanerako ez prest” jartzeko aukera izango dute.
  • Bakante eta ordezkapen kontratu guztiei (bai osoei eta partzialei) uko egiteko aukera izatea ikasturteko hasierako esleipenetan parte hartu ahal izateko.
  • Irakasle edo haurreskola partzuergoko lanpostu bat hartzeko inongo penalizazio edo baldintzarik gabe kontratuari uko egiteko aukera.
  • Ikasturte hasierako esleipenetan nahitaezko esleipenik ez egotea.

Espero dugu ikasturtea amaitu aurretik ordezkoen araudia sinatzea eta datorren ikasturterako indarrean egotea.

Gaurko mahaian ordezkoen araudia sinatu ez dugunez eta esleipenak datozenez, mahaian bertan akordio partzial bat sinatu dugu LAB, STEILAS, CCOO eta UGTk jardun osoko bakanteei uko egiteko aukera zabalduaz. Uko egiteak maiatzak 22tik aurrera egin ahal izango dira.

Honen ondorioz, uko egiten dutenek ordezkoen zerrendara doaz eta ikasturte hasierako esleipenetan parte hartu ahal izango dute (COCU). Kontuan izan, nahiz eta uko egin, kontratuak indarrean jarraituko dute abuztuaren 31ra arte eta ukoa borondatezkoa denez, langabeziaren prestazioa eskatzeko aukera galtzen da.

Bestalde, aurrekoan Hezkuntza Sailak adierazi zigun hurrengo ikasturterako aurreikusten ziren 300dik gorako plazak bakante moduan eskainiko zirela. Gaurkoan, Hezkuntza Sailak aurreikusi ez duen arazo administratibo batengatik, lanpostu batzuk bakante moduan eskainiko ez direla adierazi digu; ekoizpenagatiko kontratu bidez eskainiko dira (kontratu hauek 10hilabeteko iraupena izango dute) eta hurrengo ikasturtean bakante bihurtuko dira lan hitzarmenean horrela sinatu dugulako. Hori horrela, LABetik arazo honi erantzuteko ordezkoen araudian ekarpenak gehituko ditugu.

Txanda kontratua (Errelebu kontratua)

Hezkuntza Sailak gaur jakinarazi digu Eusko Jaurlaritzak errelebu kontratuaren inguruan erabaki hau hartu duela:

Legearen aldaketaren ondorioz, errelebista finko moduan eta jardun osoan kontratatu behar du administrazioak, gauzak horrela, erabaki dute meritu lehiaketako prozesuko ordezkoen zerrendetatik kontratazio hauek egingo direla zerrendaren hurrenkeraren arabera.

Lotura honetan duzue informazio guztia.

Meritu lehiaketa

Jakinarazi digute, Maiatzaren 27an argitaratuko dituztela EHAAn behin betiko zerrendak. Irailaren batean indarrean sartuko diren finkotasunen kontratuen sinadurak maiatzaren 28tik aurrera hasiko dira egiten lurralde ordezkaritzetan LABek eskatu bezala. Hezkuntza Saila harremanetan jarriko da hautagaiekin.

Ikastetxeen esleipena finko eta bakantedunentzat

Erreklamazioak egiteko epea bihar amaitzen da, maiatzak 22, eta hau amaituta behin betiko egutegia eta parte hartzaileen zerrenda argitaratuko dute.

INFO-2025-05-20_Heziketa-Berezia-EAE