Haurreskoletako egoeraren aurrean mobilizazioen bidea jarraitzea baino ez dugu

443


LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok kontzentrazioak egin ditugu gaur Bilbo, Donostia eta Gasteizen, EAEko Hezkuntza Ordezkaritzen aurrean, Haurreskolak Partzuergoari eta Eusko Jaurlaritzari negoziatzeko mahaia ireki dezan exijitzeko.
Orain arte izan ditugun erantzunak Haurreskolak Partzuergoko gerentea den Zorione Etxezarragarengandik protestak isilarazteko mugimenduak izan dira, eta ez langileekin eseri eta benetako negoziazioa irekitzeko. Hezkuntza Sailaren partetik, berriz, gutxiespena baino ez dugu jaso, aurreko urriaren 28an Zuzendaritza Batzordea burutu ostean, oraindik ez baitigu esan mahai horretan egon beharko lukeen ordezkaria izendatu duten, ezta mahaia noiz deituko duten.
Aurreko mobilizazio bezperan, ezer ez negoziatzeko bilera batera deitu bagintuen ere, honako honetan Etxezarragak, berriz ere aldebakarrez, Zuzendaritza Batzordearen onespenarekin, ordezkoen baremazio-birbaremazio prozesua datorren astean irekiko dela iragarri du. Berriz ere aldebakarrez harturiko neurria izan da, alde sozialarekin inolako negoziazio eta adostasunik gabe. Ezin baitugu negoziaziotzat hartu e-postaz iradokizunak bidaltzeko irekitako epea, elkarrizketarako aukerarik gabe.
Bitartean, lan-hitzarmena eta beste akordioak urratzen dituzten erabakiek langileen eskubideak urratzen ari direla salatu behar dugu: desplazamenduak, ordezkapen eza edota aparteko orduen erabilera ankerra,…Hori dela eta, egoeraren larritasuna dela eta, honako hau exijitzen diegu bai Haurreskolak Partzuergoko gerenteari zein EAEko Hezkuntza Sailari:

  • Benetako negoziazioa abiatzea.
  • Haurreskoletako langileei eta hezkuntza-proiektuaren bilakaerari eragiten dieten aldabakarrez hartutako neurriak berehala indargabetzea; besteak beste, haurreskola batetik bestera etengabeko langileon desplazamenduak eta aparteko orduak.
  • Hezkuntza Saileko ordezkari batek haurreskoletako mahai negoziatzailetan parte hartzea.
  • Haurreskoletako lan hitzarmena eta bestelako araudiak betetzea.

Hurrengo astelehenean, hilak 9, Gasteizko Legebiltzarraren Hezkuntza batzordean hiru sindikatuok bizi dugun egoera azaltzen dugun bitartean, kanpoaldean elkarretaratzea burutuko dugu 11:00etan.
Berandu baino lehen mahai negoziatzailea deitu ezean, mobilizazio dinamika indartzen joango gara.