Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmenaren sinatzaileok Mahai Parekidea izan dugu

198

Gaur, hilak 30, Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmenaren (Hezitzaile ordezkoen araudia barne, Lan Hitzarmenaren III.eranskina) sinatzaileok Mahai Parekidea osaketa egin eta lehenengo bilera izan dugu. Gaurkoan honako gai hauek landu ditugu besteak beste: Plantillak esleitzeko irizpideen akordioaren jarraipena, Partzialki ordainduko baimena (urte sabatikoa) , Gizarte funtsa eta Formazio funtsa.

Plantilak esleitzeko irizpideen akordioaren jarraipena

Gogoratuko duzuen moduan, LABek bakarrik Lan hitzarmenaren aurreakordioan akordio honen oinarriak sinatu zituen, urtebete baino gehiagoz LAB Sindikatuak egindako lan eskergaren ondorioz Martxoaren 2an Plantilak esleitzeko irizpideen akordioa sinatu genuen Haurreskolak Partzuergoa eta ordezkaritza sindikalaren gehiengoa osatzen dugun LAB eta Steilas sindikatuok. Akordioan adostu bezala, indartze kontratu hauek apirilaren 13an jarriko dira indarrean eta apirilaren 8an aterako dira Hezisarea plataformara. Prozedura nola egingo den azalduz mezua bidaliko zaie Haurreskolak Partzuergoko hautagaiei. Urtarrileko matrikulazio datuen arabera (eta ondorengo hilabeteetako datuen azterketa bukatu arte) 180 jardun inguru izango dira. Apirileko datua helarazten digutenean jakinera emango ditugu guztiak. Halaber, gogoratu nahi dugu, akordioan jaso bezala aipatutako urtarrileko datuei jarraituz sortuko diren Ekoizpenagatikako kontratuak 2027-2028ko Lanpostuen Zerrenda handitzeko prozeduran konputatuko dutela. LABetik adostutako irizpideei jarraituz, baliabide pertsonalak behar bezala aplikatzen direla ziurtatzeko etengabeko jarraipena egingo dugu. Izan ere, Haurreskola batzuen egoera berezia dela eta, ezarriko diren baliabideak berraztertzea eskatu dugu.

Adi! Kontratazio bolumen handia dela eta, jakinarazi digute apirilaren 9 eta 10ean Hezisarea aplikatiboa ez dela erabilgarri egongo eta sortu daitezkeen ordezkapenak telefonoz emango dituztela.

Bestalde, apirilaren 1ean hastekoak ziren haurren familiei 13an hasteko eskaera egingo zaie, Haurreskola askotan udaberriko oporren aurretik hau izanik azken lan eguna, pedagogikoki aztertu eta erabaki hau hartu dute. Hurrengo ikasturteetarako, kasuistika hauek aldez aurretik aztertzeko eskatu dugu LABetik.

Partzialki ordaindutako baimena (urte sabatikoa), Gizarte funtsa eta Formazio funtsa

Haurreskolak Partzuergoaren asmoa Partzialki ordaindutako baimena (urte sabatikoa) 2026-2027 ikasturtetik aurrera aplikatzea litzateke. Beraz, hurrengo asteetan deialdia negoziatuko dugu, ekainean eskaera epea ireki ahal izateko. Era berean, Gizarte eta Formazio funtsei dagokionez, deialdiak adostu behar dira eta eskaerak egiteko epea uztailean zabalduko dela aurreikusten da.

Haurreskola Berriak eta integrazioak

Ikasturtea bukatu baino lehen, Eibar, Astigarraga eta Orion Haurreskola edo gela berriak irekiko direla jakinarazi digute.

Esan digutenaren arabera, lau udal Haurreskola integratuko dira Haurreskolak Partzuergoan 2026-2027 ikasturtean: Gaubea, Ordizi, Usurbil eta Aretxabaleta. Haurreskola hauetako langileak, indarrean dagoen legeari jarraituz subrogatuko ditu Partzuergoak.

Lekualdatzea

Lan Hitzarmenean jasotzen den bezala, Hezitzaile Finkoen lekualdatzea Ikasturte honetan ere egingo da. LABetik prozesua aurreratzea eskatu dugu. Halaber indarrean dagoen araudia berrikusteko eskaera luzatu dugu, prozesuaren gardentasuna bermatze aldera. Apirilaren 30a bitarte araudiari ekarpenak egingo dizkiogu.

Hurrengo LEP Prozesua

LABetik hurrengo Lan Eskaintza Publikoaren deialdia noiz argitaratzeko asmoa duten galdetu dugu. Partzuergoak esan digunaren arabera, asmoa, eskaintza 2025-2026 ikasturtean argitaratzea bazen ere, aurreko egonkortze prozesuari lotutako 77 lanpostuen sententzia dela eta, atzeratu behar izan dute. Oraindik sententzia honen aplikazioa aztertzen ari dira eta mahai negoziatzailera eraman behar dute Adierazi digutenagatik hurrengo ikasturtean egingo da deialdia. Edonola ere, LABetik gogoratu nahi dugu, Lan Hitzarmenean jaso bezala prozesu hauek hiru urtetik behin burutu behar direla, bai eta behin-behinekotasun tasa %5etik behera mantendu behar dela.

Estatu Espainarrak inposatutako 2026ko soldata igoera

LABen galderari erantzunez, baieztatu digute 2026ari dagokion %1,5eko soldata igoera martxoko nominan gauzatuko dela. Era berean, 2026ko urtarrileko atzera eraginez atzerapenak jasoko ditugula ziurtatu digute, hori dela eta, martxoan bi nomina jasoko ditugu, martxoko nomina eta atzerapenei dagokiona, hain zuzen ere.

Formazioa

Batetik, azken ikasturteetan jasotako kezkari erantzunez, berriz ere, ikastaroetan izena emateko prozedura aldatzeko eskaera luzatu diogu gerenteari.

Bestetik, aldi baterako ezintasunean egon diren hezitzaileei, inkorporatzean ikasturteari dagozkien formazio ordu guztiak egin behar dituztela esaten ari zaie. LABetik eta kontuan izanik urteko lanaldiaren barruan kokatzen direla hauek, hau zuzendu eta proportzioan egin behar dela argitzea eskatu dugu.

Kudeaketako araudiak eta zerbitzuaren birdimentsionamendua

Hainbatetan egin bezala, kudeaketa alorreko langileen lan kargaren inguruko azterketa lehenbailehen egitea eskatu dugu LABetik. Horrez gain, kudeaketa alorrean ordezkapenen kasuistikak, ordezkoen araudia eta barne sustapenen araudiei heltzeko eskatu dugu, lehenbailehen hauek adostu ahal izateko.

Besterik gabe, udaberriko atseden egun hauetan indarra hartu. LABetik lanean jarraituko dugu aurrean ditugun erronka guztiak betetzen joateko.

INFO-2026-03-30