Haurreskolak Partzuergoko itzulera planean haurrak erdigunean jar ditzaten exijitzen dugu

487
[EAE, Haurreskolak

Negoziazio eza, inprobisazioa eta planifikazio-falta nabariak dira Haurreskolak Partzuergoko haurren itzulera diseinatzerakoan.

Haurreskolak Partzuergoak familiei bidalitako gutun baten bidez haurren arretarako haurreskolak irailera arte ez zituela zabalduko iragarri eta astebetera, ekainaren 8an, oraindik ere alarma egoeraren 3. fasean egonik, haurreskolen irekiera baimendu zuen. Erabaki honekin, berriro ere, interes ekonomikoak jarri dituzte hezkuntza-komunitateko partaide txikienen, hezitzaileen eta, oro har, jendartearen segurtasunaren aurretik.

Eusko Jaurlaritzak hezkuntza sistematik kanpo utzi du berriz ere 0-3 zikloa, eta irizpide pedagogiko eta haurren zein langileen ongizatearen gainetik, interes ekonomikoak lehenetsi ditu Haurreskolak Partzuergoak eskolak irekitzeko erabakia hartzeko orduan. Pandemia egoeran hiru hilabete haurreskolara joan gabe egon diren haurren behar, osasun eta segurtasunari ez erreparatzeaz gain, Hezkuntza Sailak aldebakarrez hartu ditu erabakiak, alde sozialaren iritzia kontuan hartu gabe.

0-3 zikloarekiko erakutsi duten mespretxuaren aurrean, Haurreskolak Partzuergoa osatzen dugun langileoi mobilizazioetara jotzea baino ez zaigu geratzen. Eusko Jaurlaritzari haurren eskubideak erdigunean jarri ditzala eta Haurreskolak Partzuergoaren izaera pedagogikoa aitor dezala eskatzen diogu. Era berean, gaur aurkeztuko diguten itzulera-plana adostua izan behar dela exijitzen dugu, eta honako puntu hauek jaso beharko lituzkeela azpimarratu nahi dugu:

– Ikasturte bukaerarako prebentzio-plana.

– Haurrentzako egokitzapen aldia.

– Ratioen jaitsiera. Gelako umeen kopurua proportzioan jaisten bada, gutxienez bi hezitzaile etengabean egotea eta haurren ordutegiak murriztu eta espazioen antolaketa diseinatzea eskatzen dugu.

– Hurrengo ikasturteari begira, egon daitezkeen egoeretara egokituta prebentzio-plan desberdinak prestatzea nahi dugu: normaltasun egoera, gaixotasunaren balizko berragertzea eta itxialdi-egoerara itzultzea.