Atzo, ekainaren 9an, Haurreskolak Partzuergoko Batzar Nagusia burutu zen. Bertara, Haurreskolak Partzuergoari atxikitako 180 udalak izan ziren deituak. Batzar Nagusiko buru den, BegoƱa Pedrosa, Hezkuntza Sailburuak Haurreskoletako matrikulazioaren bilakaeraren berri eman zuen. Honela, lau urtetan (2021 urteaz geroztik) matrikulatutako haur kopurua 4.986 izatetik 7.000 izatera igaro dela azaldu zuen. Honek matrikulazioan %40,39ko hazkundea suposatzen du.
LABek gainontzeko eragile eta familiekin bultzatutako urteetako borrokaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak doakotasuna ezarri zuen Haurreskolak Partzuergoan 2023-2024 ikasturtean. Pedrosak hezkuntza zerbitzu honen unibertsaltasunaz aritu bazen ere Batzar Nagusian, LABetik argi dugu doakotasuna eta unibertsaltasuna ez doazela eskutik, eta oraindik ere badagoela bidea egiteko norabide horretan. Izan ere, EAEko haur guztiek ez dute inolaz ere Haurreskolak Partzuergo publikoan plaza baterako sarbidea bermatuta gaur gaurkoz.
Afera hau mahai gainean jartzeko asmoz, honi irtenbide bat eman eta unibertsaltasunerantz urratsak emateko helburuarekin, doakotasuna ezarri zenetik etengabeko jarraipena egin dio LABek matrikulazioaren bilakaerari.
Horrela, 2023-2024 ikasturteaz geroztik hainbat udalerritako udalbatzen aurrean mozioak aurkeztu ditu sindikatuak Haurreskolak Partzuergoko zentroetan plazen eskaintza handitu eta 0-3 zikloa udal eskaintza bateratutik ordenatzeko asmoz. Halaber, Zuzendaritza Batzordera haurrak onartzeko irizpideetan eragin asmoz, azken urteetan proposamenak bidali ditugu eta norabide horretan jarraituko dugu.
Matrikulazioan eman den gorakadak, alde batetik, Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile kopurua handitzea ekarri du. LABek, eskaerari erantzuteko lanpostuak sortu eta egonkortzeko akordioak bultzatu ditu administrazioarekin eta bide horretan aurrera egiteko lanean dihardugu: 2024ko apirilaren 17an sinatutako akordioari esker, bi urtarriletan errepikatzen diren produkzio arrazoiengatiko kontratuak Lanpostuen Zerrendan txertatu eta hornituko dira (LEP arteko kontratuekin)horregatik 2025eko irailean 63 lanpostu berri sortuko dira.
Horrez gain, 2025eko otsailaren 10ean 15 urte eta gero Haurreskolak Partzuergoan gehiengoa duen LABek aldebakarrez sinatutako Lan Hitzarmenean, aurreko akordioan jasotzen den neurriaz gain, behin-behinekotasuna %5etik behera mantentzeko LEP prozesuak hiru urtetik behin egingo direla jasotzen da. Prozesu hauek duinak izan daitezen EPE eredua eta hauetan eskaintzen diren lanpostu kopurua negoziatuko ditugu, Lan Hitzarmen berrian jasotzen den bezala.
Beste aldetik, matrikulazioan emandako gorakada honek hezitzaileengan lan kargaren handitzea ekarri du. Horregatik eta Lan Hitzarmenean jasotzen diren lan baldintza guztiak bermatzeko plantilak esleitzeko irizpideen negoziazioari bide emateko akordioa sinatu genuen Lan Hitzarmenarekin batera eta orain lanean dihardugu hori adosteko,lan kargak arintzeko inbertsioa handitu dezan, ezinbestean lanpostu gehiago ekarri behar ditu eta.
Batzar Nagusian Pedrosak aipatzen duen aurrekontuaren % 37,83ko igoerak ez baitio dagoen beharrari erantzuten. Orain da unea Hezkuntza Sailak bere konpromisoa bete dezan, hurrengo ikasturtea normaltasunez hasteko. LABetik gure lana egin dugu proposamen osotuak eginez eta lanean jarraituko dugu langileen lan baldintzak hobetu dituzten akordioakgaratzeko eta berriak lortzeko.
Ez dugu aipatu gabe utzi nahi, Haurreskolak Partzuergoan eman den azken urteetako zabalkundeak kudeaketako langileengan izan duen eragina eta hemen ere behar besteko inbertsioa egin dadin lan egingo dugu, baliabide pertsonal eta teknikoak nahikoak izan daitezen.
Orain, propagandatik haratago, Hezkuntza Sailari dagokio bere lana egin eta konpromisoak betetzea, bestela, LAB aurrean izango dute.
2025-06-10-INFO_Haurreskolak