Haurreskolak Partzuergoa: Mahai Negoziatzailea deitu dute urtarrilaren 15erako

160

Aurreko ostiralean, hilak 11, jaso genuen ikasturte honetako bigarren Mahai Negoziatzailerako deialdia. Lan-hitzarmena eta ordezkoen araudia egongo dira mahai gainean. Deialdiarekin batera Lan Hitzarmenaren zirriborro berria (ordezkoen araudi berria eranskin bezala txertatuta) jaso dugu.

Gogoratuko duzuen bezala, urriaren 15ean izan genuen ikasturte honetako Mahai Negoziatzaile bakarra. LABetik bai Lan Hitzarmenari dagokionez, bai ordezkoen araudiari zein aplikazio telematikoaren araudiari ekarpenak egin bagenizkien ere, Haurreskolak Partzuergotik proposamenik ez genuen jaso bueltan. Negoziazioak izoztuta zeuden eta langileon mobilizazioak abian jarri ditugu beste sindikatuekin batera, Haurreskolak Partzuergoko langileak 4 egunez grebetara deituz (urtarrilaren 28, 29 eta otsailaren 12, 13).

Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmenari begira, urteko lanaldiaren jaitsiera, lizentzia eta baimenetan urrats sendoak ematea, hainbat onura ekonomiko lortzea (giza eta formazio funtsak, osagarriak handitzea…) zein plantilak esleitzeko irizpideak negoziatzeko konpromiso erreala jasotzea…dira LAB Sindikatuaren helburu, besteak beste.

Ostiralean jasotako Lan Hitzarmenaren zirriborro berrian LABek egindako hainbat ekarpen jaso dira. Hala ere, sinatu berri dugun Heziketa Bereziko Lan Hitzarmenean jasotzen diren hainbat artikulu falta dira, ezinbestean jaso behar direnak: formazio funtsak, baimen eta lizentzia batzuk, euskalduntzean urrats sendoagoak… Nahiz eta 2025eko hirugarren hiru hilabetean plantilak esleitzeko irizpideak negoziatuko direla jasotzen den, ratioak zehaztea gustatuko litzaiguke, soilik 0-3ko dekretuak zehazten dituelako. Bestalde, positiboki baloratzen dugu ordezkoen araudi berria Lan Hitzarmenean txertatzea, horrela eskatu baitugu, baina aplikazioa martxan jarriko den data ere jasotzea eskatuko dugu. Aldagai guzti hauek eta beste batzuk urtarrilaren 15eko mahai negoziatzailera eramango ditugu. Ikusi beharko dugu zein den Haurreskolak Partzuergoaren eta administrazioaren negoziatzeko borondatea, oraindik edukiak ez baitira nahikoak.

Bestalde LAB sindikatutik, Haurreskolak Partzuergoaren unibertsaltasuna helburu, aurreko ikasturtean bezala 2024-2025 ikasturteko haurren onartze arauen dokumentuari hainbat ekarpen helarazi dizkiogu idatziz Zuzendaritza Batzordeari, 2025-2026 ikasturtean unibertsaltasunerantz pausuak eman ditzaten.

Gauzak horrela lana eta borroka baino ez zaigu geratzen, mahaietan eta kalean.

Animo eta aurrera!

INFO-7._Haurreskolak-Partzuergoko-Mahai-Negoziatzailea-deitu-dute-urtarrilaren-15ean-1