Haurreskolak Partzuergoa: Lan Hitzarmenean txertatu diren hobekuntzak

108

Martxoaren 2an Lan Hitzarmenaren behin betiko testua eta II.eranskinean dagoen ordezkoen araudia sinatu genituen hobekuntzekin. Besteak beste, 2025eko otsailean sinatu genuen aurreakordioaren Berme Klausulari jarraituz, Heziketa Bereziko hezitzaileen hitzarmenean sinatu ditugun baimen eta lizentzien hobekuntzak jaso dira eta kudeaketa alorrean, Eusko Jaurlaritzan sinatu genuen telelana ahalbideratzen duen akordioa txertatu dugu.

Bestalde, 2025eko otsailetik, aurreakordioan sinatutako oinarriak lantzen eta garatzen egon gara LABen, Plantillak Esleitzeko akordioa adostu eta akordioa sinatu arte. Hau eranskin bidez hitzarmenean txertatu da, babes juridikoa bermatuz. Akordio honek hitzarmenaren aurreakordioan jasotako ratioak hobetzen ditu eta hainbat irizpideren arabera baliabide pertsonal gehigarriak ezartzen dira, hezitzaileen lan karga arindu eta eskaintzen dugun hezkuntza zerbitzuan urratsak emateko. Apirilaren 13an aplikatuko da.

Mahaian bertan esan zigutenaren arabera, 2026ko urtarrileko datuak kontuan izanik 180 jardun gehigarri baino gehiago ekarriko ditu. Gainera, 2026ko urtarrilean sortu beharreko kontratuak izango balira bezala hartuko dira (nahiz eta apirilera arte ez diren indarrean jarriko) eta hitzarmenean jaso den lanpostuak sortzeko prozeduran konputatuko dute. 2027ko irailean Lanpostuen Zerrendan txertatuko dira, hala badagokie.

Duela urtebete greba eta mobilizazio dinamikarekin bukatzeko hitzarmenaren aurreakordioa LAB sindikatuak bakarrik sinatu bazuen ere, oraingo honetan, Steilas sindikatuak babesa adierazi dio, plantillak esleitzeko akordioa Lan Hitzarmenetik ateratzeko saiakera ulertezina egin ostean.

Gogoratu nahi dugu, Lan Hitzarmenarekin batera LAB Sindikatuak aipatutako akordioaren oinarriak sinatu zituela eta argi eta garbi jasotzen zela behin hau garatu eta adostuta, eranskin bezala txertatuko zela Hitzarmenean.

Lan Hitzarmena sinatu eta LABek urtebete luze honetan egindako lan eskerga babestu.du oraingoan Steilas Sindikatuak. Ondo baloratzen dugu mugimendu hau, eta horrela aipatu genuen Mahai Negoziatzailean ere, LABek beti egin du babes zabala jasotzeko saiakera. Orain, Lan Hitzarmenaren sinatzaileekin Mahai Parekidea osatuko da, hitzarmenaren jarraipena, garapena eta interpretazioa egiteko.

Gogoratu Lan Hitzarmen honen iraupena abenduaren 31 artekoa dela eta hurrengoa sinatu arte indarrean egongo dela.

Guzti hau nahi baino beranduago gauzatu bada ere, aipatu behar dugu, otsailean sinatutako hainbat eta hainbat neurri indarrean daudela jada, eta akordio berri hau, aurretik dugun bide luzearen beste mugarri bat dela, LABeko delegatu, afiliatu eta Haurreskolak Partzuergoko langileen ekarpenari esker posible izan dena.

> Hitzarmenean jaso diren hobekuntza nabarmenenak hauek dira:

32. artikulua:

  • Guraso bakarreko kasuetan jaiotzagatiko lizentzia hamahiru astera luzatzen da.
  • Edoskitzean jardunaren arabera baimen egun gehiago jasotzen dira.

34. artikulua:

  • Bigarren mailara arte edo elkarrekin bizi den edonorengatik heriotza edo gaixotasun larriagatik, baimena.
  • Eutanasia bidezko heriotzetan, lizentzia heriotzaren aurreko egunetan hartu ahal izateko aukera.

43. artikulua:

  • Baimena hartzeko baldintzak zehaztu dira

46. artikulua:

  • Erditzea prestatzeko teknikak ikastera eta jaio aurreko azterketak egitera joateko, bikotekideari baimena onartzen zaio.
  • Adopzioaren edo harreraren informazio eta prestakuntzarako baimena onartzen da.

50. artikulua:

  • Norberaren eginkizunetarako baimenean zerbitzu aktiboko denbora kalkulatzeko, aurreko ikasturtean lan egindako denbora zenbatuko da.

56. artikulua:

  • Senideen zaintzarako eszedentzia 2 urtetik 3 urtetara luzatzen da, lanpostuaren erreserbarekin.

57. artikulua:

  • Eszedentzia berezian epe aldaketa egin da , uztaila-abendua eta urtarrila-ekaina.

58. artikulu:

  • Indarkeria matxistagatik lanaldi murrizketa, jardunaren egokitzapena eta lantokiaren aldaketan ekarpenak.

Ordainsari taulak 2025 urtean eguneratuak jasotzen dira.

> Ordezkoen araudian hobetutakoak:

  • 3.1.1. artikulua: 2) Jardun partzialarekin diharduten hezitzaileek, haurreskolan bertan sortuko den jardun partzialeko lan metaketarekin jarduna luzatzeko aukera jaso da. Beti ere, beraien jardunarekin bateragarria den kontratu bat eskuratzeko.
  • 3.2. artikulua: egoera babestuetan senideak zaintzeko eszedentzia, 2 urtetik 3 urtera luzatu da.
  • 9. artikulua: Haur hezitzaile suprimituei ikasturtean zehar libre egongo den lanpostua lehentasunez eskainiko zaie baina ez dute zertan derrigorrez eskaintza onartu beharko.

> Mahai Negoziatzaileko beste gai batzuk:

Asteleheneko mahai negoziatzailean, Haurreskolak Partzuergoak jakinarazi zigun 2025eko urtarrilean eta 2026koan 35 produkzio arrazoiengatiko kontratu errepikatu direla. Beraz, pendiente dauden 63 lanpostuez gain, 35 lanpostu inguru gehiago txertatuko dira Lanpostuen zerrendan eta LEP arteko kontratuen bitartez hornitu. Aipatutako lanpostu guztien izapidetza, behin Lan Hitzarmena sinatuta, azkartuko da. Hala ere, administrazioaren utzikeriagatik oraindik 63 lanpostuak sortu ez izana salatzen dugu LABetik.

Gainera, urte sabatikoa (66. artikulua, partzialki ordaindutako baimena) eskatzeko epea zehaztu eta gizarte funtsa eta formazio funtsak negoziatzen hasiko gara hurrengo asteetan.

LEP prozesuaren inguruan oraindik ez ziguten informazio zehatzik eman, gogoratu, Lan Hitzarmenean behin behinekotasuna gehienez %5ean kokatu behar dela sinatu dugula.

Bestalde, sententzia bidezko 77 lanpostuen finkatzearen inguruan, prozedura nola egingo den juridikoki aztertzen ari dira, hainbat aukera baitaude eta hurrengo LEP eta lekualdatzeetan eragina izan dezakeelako hautatutako bideak.

LABetik sinatutako guztiaren defentsa eta garapena egingo dugu orain arte bezala. Badakigu adi egon beharko garela guztia bete dadin, baita garatzeke daudenak era egokian gara daitezen.

Lanean jarraituko dugu hitzarmena hobetzeko, proposamenak eginez, ilusioz eta gogotsu.

Lanak eta borrokak zalantza gabe merezi dutelako.

ANIMO ETA AURRERA!

INFO-2026-03-05-1