Haurreskolak Partzuergoa LABek 60 urtetik gorakoen arreta zuzeneko orduen murrizketa ordezkatzeko epaiketa irabazi du

238

Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmenaren 52. artikuluak adinagatik arreta zuzeneko murrizketa jasotzen du: “60 urtetik gorakoei zuzeneko arretako denbora murriztea. 60 urtetik gorako hezitzaileek haurrei zuzeneko arreta emateko denbora murritz dezakete, egunean bi orduz. Denbora hori prestakuntza lanetarako eta zentroaren antolaketa orokorreko lanetarako erabiliko da.” 2018an LABek alde bakarrez sinatutako akordioaren jarraipen batzordean arreta zuzeneko bi orduko murrizketa hau prestakuntza denborari gehitu eta horrela jardun hereneko kontratuekin ordezkatzea adostu genuen Partzuergoarekin, jardun herena baita kontratua egiteko gutxieneko ordu kopurua. Hainbatetan ordea, ez dira ordezkapen hauek bete.

Hori dela eta, LAB Sindikatuak horrela eskatua, 2023ko ekainaren 5ean Lan Harremanen Kontseiluko Egoitzan 60 urtetik gorakoen arreta zuzeneko orduen murrizketa ordezkatzeko adiskidetze saioa burutu zen Haurreskolak Partzuergoarekin. Adiskidetze saio honetan ez genuen adostasunik lortu. Epaitegian salaketa jartzea beste biderik ez genuen izan eta orain jaso dugu aldeko sententzia. LAB sindikatuak 60 urtetik gorakoen murrizketa ordekatua izateko eskubidea sententzia bidez aitortea lortu du, errekurtsoa jartzeko bost eguneko epea zehazten delarik.

Beraz, 60 urtetik gorako langile guztiak animatzen ditugu dagokien eskubidea izanik, murrizketa eskaera egitera eta baita ordezkapen eskaera ere.

LABetik gazte berritze planaren gainean lanean jarraituko dugu!

Borrokak merezi du!