Haurreskolak Partzuergoa: Formazio orduen kudeaketarekin Lan Hitzarmen berrian jaso den proportzionaltasun irizpidea aplikatzea lortu dugu

82

LABek egindako eskaerari esker, 2025eko otsailaren 10ean LAB Sindikatuak sinatutako Lan Hitzarmen berrian jasotzen den bezala, jardun murriztuan diharduten hezitzaileen formazio orduen banaketan, proportzionaltasun irizpidea aplikatuko da. Bestetik, azken urteetan formazioetan izena emateko prozedura salatu dugu beste behin ere.

2025eko otsailaren 10ean LAB Sindikatuak sinatutako Lan Hitzarmen berrian, beste batzuen artean, formazio orduen inguruan jardun partzialean lanean diharduten hezitzaileen urteetako aldarrikapena txertatzea lortu genuen:

“Profesionaltasuna mantentzean 50 ordu kreditatu beharko dituzte haur-hezitzaileek, hitzarmen honetako 70. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Lan jardunarekin proportzionala izango dira formazio-orduak, bai ziurtagiri ofizialeko formakuntza orduak bai eta erregistro pertsonaleko orduak ere, jakinik 50 ordu kreditatzen ez badira ezin izango dela eskuratu formakuntzaren ziurtagiri ofizialik. Hala ere, lanaldi murriztuak diharduten langileek aukera izango dute formazioa bere osotasunean egiteko espresuki hala eskatuz gero.”

Gogorarazi behar dugu, lan hitzarmen berria sinatu aurretik partzialean lan egiten zuten hezitzaileek derrigorrez lehenetsi behar zituztela ziurtagiri ofizialekoak eta murrizketa aplikatu lehentasunez erregistro pertsonaletik.

Ikasturte hasieratik Lan Hitzarmenaren artikulu hau betetzen ari ez direla jakinarazi digute hainbat hezitzailek. Jasotako kexen harira LABetik hainbat eskaera formal egin ostean, lan hitzarmena irailaren 1etik atzeraeraginez ondo aplikatzea lortu dugu.

> 2025-2026 ikasturteko formazioa

Bestetik, azken ikasturteetan formazioetan izena emateko prozedura salatu dugu hainbatetan, bai eta eskaera formalak bideratu ere. Baina aurten ere ikastaroen esleipena izen-emate hurrenkeraren arabera egin da.

Honek, aukera berdintasun printzipioa hausten du bete-betean askotariko egoerak sortuz haurreskoletan: hezitzaileak mugikorrekin gela barruan egotea, geletatik ateratzen egotea haurrei harrera egin behar zaien momentuan, izen ematean azkenak sartzen diren hezitzaileak baztertuz,…

Horregatik LAB Sindikatutik ezinbestekoa ikusten dugu berdintasun printzipio batean oinarrituta, hurrengo deialdietan beste modu batean egitea, adibidez, hezitzaile bakoitzak ikastaro kopuru bat aukeratuta eta ondoren, zozketa bidez esleipena egitea…

Halaber, Hezitzaileen profesionaltasuna mantentzeko ikastaroak diseinatzean hezitzaileon iritzia kontuan hartzea garrantzitsua da. Horregatik langileen ordezkariekin hausnarketa egitea ezinbestekoa ikusten dugu. Ildo horretatik, Lan Hitzarmenean jasotako formazio funtsa banatzeko deialdia tentuz negoziatuko dugu, “Prest Gara”-n parte hartzeko baldintzak edota euskarari dagokionean.

LABetik sinatutakoari jarraipen zorrotza egiten ari gara osotasunean bete eta garatu dadin.

INFO-2026-01-12-1