Haur Hezkuntzan aurrerapausoak ikusten ditugu Nafarroako aurrekontuen akordioaren aurrean

465

EH Bilduren talde parlamentarioak eta Nafarroako Gobernuak egin berri duten aurrekontu-akordioaren aurrean, LAB 0-3k adierazi nahi du positiboki baloratzen dituela ematen diren aurrerapausoak.

Alde batetik, zikloaren doakotasuna bermatzen zaie 18.000 eurotik beherako errentak dituzten familiei; urrats garrantzitsua da, zalantzarik gabe, inor kanpoan utziko ez duen 0-3 inklusibo eta integratzailea lortzeko bidean.

Bestalde, konpromisoa dago zikloko langile guztien baldintzak nabarmen hobetzeko. Horretarako, legegintzaldi honetan, udal eskoletako profesionalen lan-baldintzak eta soldata Nafarroako Gobernukoekin parekatzeko bidea jorratuko da. LABek urteak daramatza sektorean oro har gertatzen den prekarietatea salatzen. Asko dira sindikatuak epaitegietan irabazitako demandak haur eskola askotan sistematikoki gertatzen diren abusu eta irregulartasun egoeren aurrean; hori guztia, sektorerako Nafarroako hitzarmen propiorik ez dagoelako. Akordio honekin ziklo osoa duintzeko eta erregularizatzeko oinarriak ezartzen dira.

Azkenik, ratioak jaisteko aurreikuspen bat ere jasotzen da, proposamen zehatzekin garatzea espero duguna. Ildo horretan, konpromisoa hartu dute 2022an araudia aldatzeko, eta, ondorioz, 0 eta 3 urte bitarteko haurrei arreta ematen dieten zentro guztietarako gutxieneko baldintzak ezartzeko.

Esan dugun bezala, LABek garrantzitsutzat jotzen ditu hartutako konpromisoak. Norabide onean doaz, zalantzarik gabe, baina ahaztu gabe bide luzea dagoela egiteko. Oraindik ere beharrezkotzat jotzen dugu haur eskola guztietarako esparru komun bat, Nafarroako Gobernuak horien guztien ardura har dezan, Haur Hezkuntzako bigarren zikloarekin egiten duen bezala.

Era berean, aurrerapausoak azpimarratzen ditugun bezala, ezin dugu kritikatu gabe utzi euskararen normalizazioaren arloan ez dela proposamenik jasotzen ziklo honetarako. LABek ez du etsiko familia guztien hizkuntza-eskubideak aitortuak izan arte.

Argi dago inplikatutako eragile guztien lanari esker 0-3 zikloaren duintasuna agenda politikoan dagoela. Elkarrekin lan egiten jarraituko dugu, adostutakoa bete dadin, lan-baldintzak hobetu daitezen eta eredu berri bat eraiki dadin.

Gure helburua da 0-3 zikloa hezitzailea, deszentralizatua, euskalduna, unibertsala eta doakoa izatea, 0-3 zikloaren sare publiko-komunitarioa sortzea, hezkuntza komunitatearen parte hartzearen garrantzia kontuan hartzen duena eta %100 finantzaketa publikoa izango duena, baita Nafarroako lan hitzarmen sektorial propioa adosteko negoziazio mahaia irekitzea ere. LABetik hori guztia lortzeko borrokan jarraituko dugu.

Jatorrizko albistea: HEMEN