Harro Topaguneak deitutako eskola publikoaren aldeko kalejirarekin bat egin eta Bastidara bertaratzeko deia egiten du LABek

471

Ekainaren 5ean Bastidan ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren jaiaren baitan egingo den eskola publikoaren aldeko kalejiran parte hartzeko deia egiten du LAB sindikatuak; hori dela eta, bertaratzeko deia egiten dugu. Ekimena maiatzaren 24ean Harro Topaguneko eragile batzuk aurkeztu zuten; LABen iritziz, beste eragileekin batera, mobilizazio dinamikak beharrezkotzat ditugu Hezkuntza Legearen prozesuan eragin eta berau baldintzatu nahi badugu.
• Eskola publikoa ardatz duen publikotasunaren alde -deszentralizazioan eta eskolen autonomian oinarritzen dena- egin behar dela uste du LABek: egungo testuinguruan, eskola publikoarekiko desoreka egin behar du administrazioak, baliabidez hornitu eta erdigunean jartzeko garaia da.
• Eskola publikoan behar besteko inbertsioak egin behar ditu administrazioak. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da. Legearen aurretik eskola publikoan zenbat inbertsio egingo den kuantifikatzeko beharra ikusten du LABek, izan ere, azken urteetako murrizketek -bereziki 2008ko krisitik eratortzen direnak- eskola publikoaren eraispenean sakondu dute eta tendentzia hau guztiz aldatu behar da, inbertsioak handitu egin behar dira. Bidenabar, Eskola Publikorako Plan Estrategikoa urgentziazkoa dela uste du LABek, hezkuntza-lege berriaren aurretik egin beharrekoa; hezkuntza-komunitateak beharrezkoa du.
• Deszentralizazioan sakondu eta eskola bakoitzak hezkuntza egitasmo iraunkor, autonomo, parte hartzaile eta eraginkorrak garatu ahal izateko, baliabideak eman behar zaizkio eskola publikoari, plantillak egonkortzea lehentasunezko neurria izanik. Administrazioaren ardura da eskola guztiek hezkuntza-egitasmo horiek izan ditzaten beharrezko tresnak eskaintzea, gutxien duena gehiago lagunduz.
• LABek gogor kritikatu zuen orain gutxi Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna 2023 amaierara atzeratu izana (PP, EAJ eta PSEren akordio parlamentario bidez). 2022/23 ikasturtean Haurreskolak Partzuergoa doakoa izatea eskatzen du LABek, Hezkuntza akordioan alderdi politikoek jaso zuten horretan sakonduz: Haurreskolak Partzuergoko eskaintza publikoa, doakoa eta unibertsala izatea adostu zuten. Ahal bezain azkar Haurreskolak Partzuergoa indartzeko neurriak hartzea exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari, ez kontrako norabidean aritzea.
• Bukatzeko, langileen lan baldintzei dagozkien gaiak langileekin adostea eskatuz Jaurlaritzari egutegi eta metodologia zehatza aurkez dezan exijitu zion LABek apirilean. LABen iritziz, premiazkoa da gai hau jorratzeko bide-orri bat ezartzea.
Hortaz, aipatutako guztiagatik, ekainaren 5ean Euskal Herria 11 Kolorerekin batera 13:00etan Bastidako Barajuela kaletik hasiko den kalejira aldarrikatzailean parte hartzeko deia egiten du LAB Sindikatuak.