HABEk ezarritako euskaltegien finantziazio-sistema berriak ez die erantzuten sektoreko beharrei

414

Komunikabideetan aspalditik iragarri eta oihartzun handia eman ondoren, asteazkenean, hilak 29, EHAAn argitaratu da HABEren 2021-2022 ikasturterako euskaltegientzat subentzio sistema berriaren ebazpena. Langileen lan baldintzak hobetzeko helburu duela dioten arren, asmo hori langileekin eta langileen ordezkariekin kontatu gabe jarri dute martxan, eta LABetik ez-nahikotzat jotzen dugu sektoreak dituen beharrei aurre egiteko.

Akordioak bi arlotan eragiten du soilik: irakasleen soldatetan eta eskola-orduetan. Bi alderdi horietan aurrerapauso bat egon dela aitortzen badugu ere, arautu barik geratzen dira langile guztien lan-baldintzak (egutegia, ordu osagarriak, lizentziak, baimenak…) baita irakasleak ez direnen soldata ere. Azken finean, sektoreko langileentzat ez da nahikoa daukaten egoera prekariotik irteteko eta hain beharrezkoa duten egonkortasuna eta lan-baldintza duinak izateko.

HABEk ezarritako finantziazio berria ildo zaharretik doa, subentzio bidezko sistemari eusten baitio. Subentzioak, legez, finantzazioaren %70eko langa gainditu ezin duenez, herri-ekimeneko euskaltegiek eta pribatuek matrikula garestitu beharra izango dute ikasturtea aurrera ateratzeko. Beraz, Eusko Jaurlaritzak komunikabideetan egiten duen propagandak dioenaren kontra, euskara ikastea ez da doakoa izango, gero eta garestiagoa baizik.

Administrazioak urte luzez alde batera utzi duen helduen euskalduntzearen sektoreari finantzazioa hobetzea eta hau egonkortzea positiboa da, baina proposatutako finantziazioa, diru-laguntza den heinean, sasi-egonkortze bat baino ez da.

Gainera, helduen euskalduntzearen sektorea ez dute herri ekimeneko euskaltegiek eta pribatuek bakarrik osatzen; horiei udal euskaltegiak gehitu behar zaizkie, eta hauek bestelako errealitatea dute. Akordio honek ez die erantzuten udal euskaltegietako berezko egoera ezta arazoei, ezta gutxiago ere. Euskaltegi hauetan dauden arazoak herri ekimenekoetan eta pribatuetan daudenaren adina diren arren, inbertsioa askoz ere txikiagoa da: herri ekimeneko euskaltegiei eta pribatuei 26 milioi euro emango zaizkie, eta euskaltegi publikoei, berriz, 12,7 milioi.

Hori dela eta, LABek ez-nahikotzat jotzen du euskaltegien finantziazioa eta HABEri sektorearen ereduaren inguruko eztabaidarako marko bat zabaltzea exijitzen dio, non helduen euskalduntzea unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitatekoa izango den. Aldi berean, LABek euskaltegien titularrei lan-hitzarmen propioaren aldeko urratsak ematea eskatzen diegu.

LABek herri ekimeneko euskaltegi homologatuen lehen hitzarmena negoziatzeko mahaia deitu zuen maiatzean.