Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileok ikastetxeetan mobilizazioak egin ditugu Kristau Eskola eta Aice-Izea Patronalei Greba amaierako akordioa bete dezatela eskatzeko

153

Gizarte ekimeneko Ikastetxeetako langileek elkarretaratzea egin dituzte gaur Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko ikastetxeen aurrean.

14 greba egun egin ondoren, aurreko otsailaren 5ean Greba amaierako akordioa sinatu zuten Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako Patronalek eta ordezkaritza duten sindikatu guztiek. Akordioa sinatu zen momentutik indarrean sartu zen eta langileek zintzo-zintzo akordioa hurrengo egunetik bete zuten, beraien lanpostuetara bueltatuz.

Hiru hilabete pasa ondoren, Kristau Eskola eta Aice-Izea patronalek ez dira ari greba bukaerako akordioa betetzen eta hori gutxi ez eta erresistentziak jartzen ari dira hitzarmen berrian aurrerapausuak emateko.

Adostutako 7 mahai negoziatzailetatik, patronalek, 2 mahai bertan behera utzi dituzte azken momentuan, honek dakarren atzerapena gaiak lantzerako garaian nabaria delarik. Hurrengo mahaia, maiatzaren 29an izango dela espero da.

Hori dela eta, LABek hurrengoa eskatzen die Patronalei:

  • Adostutako igoerak jasotzen dituzten soldata taulak behin betiko gisa onar ditzatela eta greba amaierako akordioa adostutako baldintzetan aplikatzea.
  • 2024. urterako adostutako ordainsarien igoerak langile guztien nominetan aplikatzen hasteko data bat finkatzea.
  • Kategoria ezberdinentzako adostutako lanaldi murrizketak eta Lanbide Heziketako jardunaldi irregularraren konpentsazioa 2023-2024 ikasturtean aplikatzen hastea.
  • Birkokapen prozesua Lan Hitzarmenean txertatzea eta ahalik eta arinen martxan jartzea greba amaierako akordioan jasota dagoen bezala, hau da, kalte ordainak eta aintzinatasuna aitortzeko araubide berria bermatuz.
  • Maiatzak 29ko mahaian, Lan Hitzarmen berriaren artikulatu osoa aurkeztea, akordioan jasotako edukiak txertatuta.

LAB Sindikatuak, egondako negoziazio guztietan, Gizarte Ekimeneko langile guztien soldatak, langile publikoen soldatekin ekiparatzearen alde egin du eta helburu horrekin jarraituko du. Izan ere, argi geratu da greba amaierako soldata igoera finantzazio publikoari guztiz lotua dagoela eta ekiparazioa langileen borrokaren ondorioz lortu zezaketen neurria izan zela. Halaber, LAB jakitun da gobernu berria osatu gabe dagoela, eta egoera horrek, greba amaierako akordioak behar duen finantziazio publikoa lortzea zailtzen duela.

Hurrengo maiatzaren 29an burutuko den mahai negoziatzailera eskatutako edukiak ekarri ezean, mobilizazioekin jarraitu eta bide juridikoari bide emango zaio.

Gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileek gaur burutu dituzten elkarretaratzeetako argazki batzuk: