Gizarte Ekimeneko Ikastetxeak: irtenbide gabeko errotondan

152

Negoziatzeko eta adosteko ezintasuna, ahalmena dutenen aldetik muturrera eramanda.

33. mahai negoziatzailera heldu gara eta Patronalek pisu gutxiko mugimenduak hasi dira egiten akordioa sinatu zenetik. 14 hilabete pasa ondoren, oraindik ere 5 korapilo handi ditugu askatu gabe, Kristau Eskola eta AICE-IZEAren etengabeko blokeoren jarreragatik eta gehiengo sindikala duen sindikatuaren ezgaitasunagatik.

1. Soldata taulak: 2025. urterako, D.B.H., Batxilergo eta Lanbide Heziketako langileei patronalak ez die akordioan jasotzen den %16ko soldata igoera aplikatu nahi, ezta Goi mailako Tituladuneei ere eta gehiengoa duen sindikatua ados dago horrekin.

2. Kontratazioak: Finantziazioa publikoa izan arren eta Eusko Jaurlaritzarekin akordio bat sinatuta eduki arren, ez dituzte pausuak eman nahi meritu, gaitasun, berdintasun eta publizitate printzipioetan oinarrituta egin behar diren kontratazioak gardenak izateko.

3. Birkokapen araudia: Greba bukaerako akordioan adostu bezala, langile bat ezin bada birkokatua izan, 26 eguneko mugarik gabeko indemnizazioa jasotzeko eskubidea du. Neurri hau, ikastetxe batzuek langileak birkokatzeko jartzen dituzten trabak diruz zigortzeko helburuz adostu genuen. Orain aldiz, indemnizazioari 12 hilabeteko tope bat jarri nahi diote zigorra leuntzeko.

4. Enplegua mantentzeko neurriak: Greba bukaerako akordioan adostu genuen bezala, 3 batzar egin behar genituen matrikulazioaren egoera aztertzeko zein figura berrien sorrerarako (euskalduntzeko, aniztasunari trataera emateko, hezkidetza, IKT…) eman daitekeen enplegu suntsiketa ekiditeko. Aipatutako bilerak egin gabe daude KE eta AICE-IZEAren interes ezagatik eta gehiengoa duen sindikatuaren utzikeriagatik. Negoziazio mahaietan LAB da behin eta berriro puntu honi garrantzia ematen dion sindikatu bakarra.

5. Lizentzia eta baimenetan aurrerapausuak eman dira, txikiak badira ere: Hainbat lizentzia eta baimenetan lege aldaketak eman dira hobekuntzekin. Urtean 4 egun lan eguneko orduak ezinbesteko arrazoiengatiko baimena kasu. Hala ere, zaintzarako 8 asteko baimena edo familiakoak zaintzeko eszedentzia 3 urtera arte luzatzea, oraindik ere ez dira garatu, LABek behin eta berriro eskatu arren.

Pazientziak mugak ditu! Urte bete luzea pasa da greba bukaerako akordioa adostu zenetik eta ez dute hitzarmenik adostu nahi. Patronalek behin eta berriro akordioa berrinterpretatu edo sinatutakoa, murrizketa gehiagorekin, berriro negoziatu nahi dute. Hori dela eta, LAB sindikatuak EAE mailan dituen ordezkari sindikalekin batzartuko da egoeraren azterketa egiteko, dauden tresna juridikoak aztertzeko eta ekintza sindikalaren aukerak baloratzeko, beti ere, sinatutako akordioa bete eta errespeta dezaten. Hartutako erabakiak patronalei adieraziko dizkiegu hurrengo apirilean izango dugun mahai negoziatzailean.

ANIMO ETA AURRERA!!

Gizarte-ekimena_INFO-2025-03-14_ELEBI