Gizarte Ekimeneko Ikastetxeak: inoiz amaitzen ez den istorioa

64

Sinatzeko ahalmena duten aldeak ezintasun ikaragarria erakusten ari dira.

30 mahai negoziatzaile baino gehiago egin ondoren, Patronalek bilerara dokumentu berri bat ekarri arren, bertan jasotako proposamenak oso gutxi aldatu dira. “A priori” greba amaierako akordioa sinatu zenetik egin beharreko lana erreza zen; adostutakoa lan hitzarmenean txertatzea. Akordiotik moztu eta itsatsi dagokion artikuluetan. Baina hori ez da gertatzen ari. Kristau Eskolak eta AICE.-IZEAk behin eta berriro adostutako edukiak bernegoziatu nahi dituzte murrizketak proposatuz. LAB sindikatuarentzat jarrera hori onartezina da.

Gauzak horrela, hau da izandako azkenengo mahaiaren ondorengo egoera:

· Soldata taulak: 2025. urterako D.B.H., Batxilergo eta Lanbide Heziketako langileei patronalak ez die akordioan jasotzen den %16ko soldata igoera aplikatu nahi, eta gehiengoa duen sindikatua ados dago horrekin. % 15,43a aplikatuko zaie, hau da LABek akordio laboralean ekiparazioaren bidean lortu zuena. Argi geratzen da beraz, gehiengoa duen sindikatuak ez zuela ezer lortu soldatetan eta gezurretan ibili zaigula, bai langileei, baita beste sindikatuei ere. Hori gutxi balitz, patronalarekin duten konplizitatea agerian geratzen ari da.

· Kontratazioak: Finantziazioa publikoa izan arren eta Eusko Jaurlaritzarekin akordio bat sinatuta eduki arren, ez dituzte pausuak eman nahi meritu, gaitasun, berdintasun eta publizitate printzipioetan oinarrituta egin behar diren kontratazioak gardenak izateko.

· Birkokapen araudia: Greba bukaerako akordioan langile bat ezin bada birkokatua izan, 26 eguneko mugarik gabeko indemnizazioa jasotzeko eskubidea duela adostu genuen. Neurri hau ikastetxe batzuek langileak birkokatzeko jartzen dituzten trabak diruz zigortzeko helburuz adostu genuen. Orain aldiz, indemnizazioari 12 hilabeteko tope bat jarri nahi diote zigorra leuntzeko.

· Enplegua mantentzeko neurriak: Greba bukaerako akordioan adostu genuen 3 batzar egin behar genituela matrikulazioaren egoera aztertzeko zein figura berrien sorrerarako (euskalduntzeko, aniztasunari trataera emateko, hezkidetza, IKT……), eman daitekeen enplegu suntsiketa ekiditeko. Aipatutako bilerak egin gabe daude KE eta AICE-IZEAren interes ezagatik eta gehiengoa duen sindikatuaren utzikeriagatik. Negoziazio mahaietan LAB da behin eta berriro puntu honi garrantzia ematen dion sindikatu bakarra.

· Lizentziak eta baimenak: Hainbat lizentzia eta baimenetan lege aldaketak eman dira hobekuntzekin. Hala ere, eskubide horiek egokitzea behin eta berriro eskatu arren, ez dituzte proposatutako artikulatu berrian txertatzen.

LAB sindikatuak dituen tresna juridiko zein ekintza sindikala erabiliko ditu sinatutako akordioa bete eta errespeta dezaten eta horrela adieraziko diegu Patronalei martxoan izango dugun hurrengo mahai negoziatzailean.

ANIMO ETA AURRERA!
BORROKAK MEREZI DU!
GORA LANGILEON BORROKA!

INFO_-2025_OTSAILA_MahaiNegoziatzailea-3