Gizarte Ekimeneko Ikastetxeak: Bilbon mobilizatu gara, negoziazio mahaira sartu aurretik, epaia bete dezatela eskatzeko

97

Gaur negoziazio mahaia dugu Bilbon. Bertara sartu aurretik elkarretaratzea egin dugu Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan LHK-CRLn.

– Jarraian duzue prentsa oharra:

Kristau Eskolak, AICE-IZEAk Eta ikastetxeek epaia bete behar dute: eskola-ordu bat murriztu eta ordu hori lan pertsonalerako bideratu

Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu zenetik 2 urte igaro dira, eta KE eta AICE-IZEA patronalek sinatutakoa bete gabe jarraitzen dute.

Hauek dira ez-betetzeak:

• Ez dute eskola-ordu bat murriztu etapa guztietan 25-26 ikasturtetik aurrera.

• Ez dute lan pertsonalerako ordu osagarri bat gehitu 25-26 ikasturtetik aurrera.

• Ez dute Tutoretza-plusa eguneratu sinatutako % 16ko igoerarekin.

• EZ diete % 16ko soldata-igoera ordaintzen DBH, Batxilergoa eta LHko langileei, eta %15,43ra murriztuko dute 2025eko urtarriletik aurrera.

• Ez dute gela ixteagatik kaleratuz gero, lan egindako urte bakoitzeko 26 eguneko kalte-ordaina denbora-mugarik gabe ematen.

  • Lanpostuak mantentze aldera adostuta zeuden 3 bilerak eta birkokapen prozedurako moldaketak ez dira gauzatu.

Ez-betetze horiek EAEAN-k sektoreko langileen alde emandako bi epairen ondoren ere gertatzen dira. Soldatak eguneratzera behartzen zituen patronalen aurkako lehen epaiaren ondoren, KEk eta AICE-IZEAk men egin zioten eta hitzartutako soldata-igoerak aplikatu zituzten. Orain, enegarren epaia dute berriz ere kontra, eta bertan adierazten die eskola ordu bat murriztu eta lan pertsonalerako ordu osagarri 1 gehitu behar dutela. Epaiaren arabera, sektoreko langileak lan egitera behartu dituzten gehiegizko eskola-orduak ere konpentsatu behar dituzte. Espero dugu, GAA betetzen ez badute ere, gutxienez EAEANren epaia betetzea. Epaia onartu ez eta errekurrituko balute, sektoreko 9000 langileekiko errespetu falta gisa ulertuko genuke.

Patronalek eta ikastetxeek GAA bere osotasunean aplikatzen dutenean, hitzarmen berriaren sinadura geratuko litzateke, non LAB, STEILAS, CCOO eta UGTk ez dugun langileen eskubideetan atzerapauso bakar bat ere onartuko. Hitzarmen berri bat nahi dugu, baina, hori izateko premiak ez gaitu eskubideen galera onartzera eramango. 29 greba egun bete genituen, eta ultraaktibitatean dugun hitzarmenean ondo baino hobeto jasota dauden eskubideak irabaztea lortu genuen. Ondoren, 14 eguneko greba bete genuen, eta GAAn jasotako eskubideak batzea lortu genuen, eta epaiak onartzen du hitzarmen maila duela hitzarmen berri bat sinatu arte.

Urtarrilaren 29ko epaiaren ondoren, Negoziazio Mahaia deitu zen, eta gaur LHKra etorri gara esatera KE eta AICE-IZEA patronalei errespeta ditzatela Gizarte Ekimeneko Irakaskuntza Pribatuko 9000 langileak, bete ditzatela sinatutako akordioak eta bete ditzatela epaiak. Beraz, etapa guztietan eskola-ordu 1 murriztu behar dute, lan pertsonalerako ordu osagarri 1 gehitu, tutoretza-plusa eguneratu, DBHko, Batxilergoko eta LHko soldatak % 16ko igoerarekin ordaindu, eta lan egindako urte bakoitzeko 26 eguneko kalte-ordaina eman behar diete ikasgela ixteagatik lanpostua galtzen duten langileei, denbora-mugarik gabe. Halaber, exijitzen diegu mahai gainean jar dezatela hitzarmen proposamen bat, GAAn jasotako langileen eskubide guztiak jasoko dituena, aurreko hitzarmeneko eskubide bakar bat ere galdu gabe. Hori lortzeko, LAB, STEILAS, CCOO eta UGTk eskura ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu, bai juridikoak, bai ekintza sindikala.

OHAR-BATERATUA-2026-02-13.