Aitzakia eta dilazio gehiagorik ez! greba amaierako akordioan jasotako eduki guztiak betetzeko, soldatak ordaintzeko eta hitzarmena sinatzeko garaia da!!
2022-2024 Hitzarmena orain!
Abenduaren 3an izan genuen azken negoziazio mahaia. Patronalek oso planteamendu larria egin zuten bertan.
Hitzarmena sinatu gabe negoziaketa “berri” bat hasteko planteamendua ekarri dute mahaira. Proposamena erabat onartezina da. Greba amaierako akordioan jasotako edukiak jasoko dituen hitzarmena izan behar da hurrengo hitzarmen baterako abiapuntua. Mahaian adierazitakoarekin patronalek abiapuntu hori bertan behera utzi nahi dute, akordioan lortutako edukiak albo batera utzi eta bernegoziatzeko. Soldata taulak ixteko aukera jarri dute mahai gainean baina taulak zein akordioko gainerako edukiak hitzarmenean jaso gabe.
Sindikatu guztiok uko egin genion planteamendu honi; Izan ere Patronalak negoziaketarako joku arau oinarrizkoenak hausten ari baitira.
Mahai hortan patronalei eskatu diegu urtea amaitu aurretik GAAko edukiak jasoko dituen hitzarmen proposamen bat mahaira ekarri eta sinatzeko. Hitzarmenaren erredakzio proposamena eta taulak udara aurretik aurkeztu genizkien patronalei. Ez dago aitzakiarik akordioko edukiak hitzarmenean ez jasotzeko.
Erreklamazioak eta mobilizazioak abiarazi!
Patronalek beraien jarrera aldarazteko gure esku dauden tresna guztiak aktibatu behar ditugu; 22-24 hitzarmena sinatzea lortzeko; bai juridikoki bai mobilizazioen bitartez.
Hori dela eta, soldata atzerapenak 2024ko abenduaren 31 baino beranduago ordaintzen dituzten kasuetarako banakako erreklamazioak eskoletan aurkeztera gonbidatzen zaituztegu. Berandutze interesak eskatuz zor zaizuen kopuruaz gain. Horretarako, jarri harremanetan zure sindikatuak ikastetxean duen ordezkari sindikalarekin, edo zuzenean zure sindikatuarekin.
Aldi berean, mobilizazioak beharrezkoak dira, patronalen jarrera salatzeko eta agerian uzteko, bai gure eskoletako zuzendaritzen aurrean, bai familien aurrean. Patronalak hitzarmena sinatzera behartu behar ditugu. Ezin dugu baldintzatu Greba amaierako akordioaren betetzea amaiera gabeko bide juridikoetara. Eta ezin dugu ziklo hau 22-24 hitzarmenik gabe itxi.
Horregatik hasteko Abenduaren 16ko astean zuen eskoletan mobilizatzera deitzen zaituztegu. Zuen ikastetxeetan sarreran edo irteeran kontzentrazio bat egitera eta pankartak jartzera deitzen zaituztegu datorren abenduaren 19an, 22-24 Hitzarmena behingoz! lelopean. Abenduaren 19an bertan edo aste honetako beste edozein egunetan, baina mobilizatzea garrantzitsua da!
Antolatu zuen eskoletan eta ikus gaitzatela!
BERRIAK Gizarte Ekimeneko Ikastetxeak: 22-24 Hitzarmena sina dezala exijitzen diegu patronalei