[IRITZIA]
Oihane Jordana Mosen – Izaskun Lobo Zubizarreta
Urria iritsi da, eta, tentuz bada ere, pandemiaren ondoren sektore guztiak berera itzultzen hasi dira. Hezkuntzan, ordea, gauza guztiek –edo ia guztiek– berdin jarraitzen dute: eskoletan umeek burbuila ezberdinetakoekin eragiteko aukerarik ez dute, maskara erabiltzen jarraitzen dute, baita jolastokian edo Gorputz Hezkuntzan ere, familiekiko tutoretzek online izaten jarraitzen dute… Eta jardunaldi jarraiarekin gertatzen ari dena azken ostikoa baino ez da! Eskolaldi hori inposatutako protokolo baten ardatz nagusia da, berandu iritsi dena -ikasturtea hasita zegoela-, eta hezkuntza-komunitateko eragileekin kontsultatu eta negoziatu gabe egin dena. Hori dela eta, sortzen ari den anabasa salatzea beste aukerarik ez dugu.
Buelta asko eman badizkiogu ere, Gimeno jauna, ez dugu ulertzen nola egin daitekeen hain gaizki. Hezkuntza komunitateko eragile guztiak kontra jarri zaizkio eta orain, ez daki nola egin atzera. Bueno, bai, urtarrilean ohiko edo ez-ohiko jardunaldira itzultzeko aukera eman die ikastetxeei. Baina zer adar jotzea da hau?
Hasteko, jardunaldi jarraiaren eta eskolaz kanpoko jardueren formula horri esker, Gimeno Hezkuntzan ezkutuko murrizketak egiten ari da. Kontseilariak, gisa horretan, eskolaz kanpoko jarduerak lor ditzake, batere inbertsiorik egin gabe eta irakasleen lan-baldintzak okertzearen bizkar, UPNk 2012an egin zuen bezala. Oraingo honetan, Gimenok zuzeneko irakaskuntzako ordu batzuk (ikasleei zuzeneko arreta ematea eskatzen dute) “eskola-ordutzat zenbatzen diren ordu” gisa (sare publikoan) edo “ordu osagarri” gisa (beste sare batzuetan) izendatu ditu, eta horri esker, langile gehiago kontratatu beharrik ez du izango, jakinik irakasleek berriz ere jasango dutela zama handiagoa eta oinarrizko zereginetarako denbora murritzagoa izanen dutela (guardiak, koordinazioak, etab.). Irakasle gutxi dagoen landa-eremuetako ikastetxeetan, gainera, egoera honek funtzionamendua bera kolokan jarriko du. Gure ustez, halaber, neurri hori legalki zalantzazkoa da, batez ere indarrean dagoen araudian eskola-orduen zuzeneko irakaskuntzako eta eskola-ordutzat hartzen diren orduen definizioari erreparatzen badiogu.
Hala ere, guk aukera hau baliatu nahi dugu zalantzan jartzeko ea, Departamentutik agindu bezala, ikastetxeek nahitaez eskaini beharreko eskolaz kanpoko jarduerak irakasleei dagozkien; ez ote dituzte beste profesional batzuek hartu beharko euren gain? Batik bat, zaintza-zerbitzu nahiz aisialdiko jardueren ezaugarriak dituztela aintzat hartuta.
Jarraitzeko, kontseilariak argudiatu du neurri horren helburua dela familia kontziliazioa erraztea, baina, norena, ordea?
Seme-alabek eskolaz kanpoko jarduerak amaitu arte nahitaez autobusaren zain egon beharko duten familiena, haien umeek jarduerarik egin nahi ez badute ere? Ikaragarria da hau konpontzeko Hezkuntza Departamentutik eman den irtenbidea: “Familiek bozka eta adostu dezatela”. Zer bilatzen dute honekin: kontziliazioa ala landa eremuan bizi diren familien arteko gatazka?
Parte hartu nahi baina plazarik lortu ez duten neska-mutilen familiena? Kontseilariaren alderdiak bultzaturiko LOMLOEk, teorian, bilatzen duen berdintasun-printzipioa non dago?
Irailaren 14an bizitza antolatua izanagatik, egun batetik bestera dena aldatu behar izan duten irakasleena? Joan den ekainean dena lotuta utzi eta urriaren 4a baino lehen irakasle guztien ordutegiak berregin behar izan dituzten zuzendaritza-taldeetako kideena? Hartutako azken erabakiarekin euren lana bikoiztu eginen da, ez zarete ohartu, abenduan, berriro, lan hori hartu beharko dutela zuzendariek? Eta irakasleek euren bizitza berriro kontziliatu beharko duela?
Ziur gaude hori ez dela hezkuntza-komunitateak behar duen eskolaldia. Askok goiz eta arratsaldeko jardunaldira itzuli nahi dute, eta pandemiaren aurretik jarraitua aukeratu zutenek eskolaz kanpoko jarduera batzuk zituzten adostuta, ikasleen errealitateari erantzuteko prestatu zirenak, haien ordutegietara, interesetara eta beharretara egokituta. Baina hori guztia urriaren 4an martxan jartzeko aukera bazegoen ere, -osasun egoerak ez zuen kontrakorik adierazten- pilota ikastetxeei pasa eta urtarrilean aldaketa hori egiteko aukera izanen dutela adierazi du kontseilariak. Honekin guztiarekin Hezkuntza Departamentuak argi utzi du hezkuntzaren kalitatea eta ikasleen behar pedagogiko-emozionalak ez dituela inondik inora kontuan hartu.
Hori guztia nahikoa ez eta, beste kontraesan bat sortzen du: goizeko irakaskuntza-jardueran burbuila-taldeak egiteko eta mantentzeko egindako ahalegina eta inbertitutako baliabideak pikutara joan daitezke arratsaldeetan; izan ere, eskolaz kanpoko jardueretan, talde desberdinetako ikasleak eta irakasleak nahasten ahalko dira.
Azkenik, Gimeno Jaunari eskatzen diogu ez dezala hezkuntza-komunitatea gehiago nahasi alde bakarreko erabaki aldakorrekin. Erabaki horiek jada lanez lepo dauden irakasleak gainezka jartzen ditu eta ziurgabetasun handia eragiten du beraiengan zein familiengan. Askoz onuragarriagoa izanen litzateke ikastetxeei orain ematea aukera -eta ez urtarrilean- nork bere ordutegia eta jarduerak antola ditzan, era autonomoan eta bere hezkuntza-komunitatearekin adostuta. LABek mobilizazioak egiten jarraituko du, hori guztia modu justu eta negoziatuan konpontzen ez den bitartean.