Irakasleak EAE – Lekualdatze lehiaketa

1. Parte hartzea

1.1. Nork hartuko du parte?

1.1.1. DERRIGORREZ
– LEPeko azterketak gainditu ondoren praktikaldia egiten ari den behin behineko funtzionarioak.
– Behin-betiko destinoa inoiz lortu ez duen karrerako funtzionarioak.
– Behin-betiko destinoa suprimitu dioten karrerako funtzionarioak.

⚠️GARRANTZITSUA: Behin betiko destinorik ez izateagatik nahitaez parte hartu behar duen pertsonaren kasuan, ez badu parte hartzen ofizioz barematuko zaizkio atalak.

1.1. 2. BORONDATEZ
Bi ikasturtez, gutxienez, behin-betiko destinoan egon den karrerako funtzionarioak. Aukeratzen diren plaza horiek bakarrik esleitu daitezke.

Parte hartzeko modaliateak: HEMEN

  • Plaza bat jabetzan esleituz gero, destino horretan egon beharra dago bi ikasturtez.
  • Behin betiko destinoa lortu arte Lekualdatze-lehiaketan  ikasturtero parte hartu beharko da. Behin betiko destinoa lortu  ezean, praktikaldia egin den zentroa eta lurraldea izango dira erreferentzia bi ikasturtez.
  • Behin betiko destinoa lortzen den lehendabiziko aldian, oposaketetan plaza lortutako espezialitatean egin beharko dira lehenengo bi ikasturteak.

1.2. Noiz hartu behar da parte?

Normalean azaroaren 1etik 15era, biak barne, izaten da parte hartzeko epea.

Ikasturte honetan (22/23), Ikasturte Hasierako Esleipenak aurreratu egin direnez, eta Lekualdatze-lehiaketa estatu mailakoa izatean erkidego guztietan epe berean burutu behar denez, hau ere aurreratu egin da.

Epea urriaren 17tik azaroaren 7ra bitarte izango da, biak barne.

1.3. Non eta nola hartu behar da parte?

Lekualdatze-lehiaketan parte hartzeko era bakarra hau izango da: Hezigunean eskura dagoen eskaera elektronikoa betetzea.

Sartu NAN/AIZ eta pasahitzarekin > Eremu pertsonala > Izapideak langileen sailarekin > Lekualdatze-lehiaketa > Onartzeko eskabidea

Eskabidearen gida: HEMEN

2. Merezimenduak

2.1. Zein merezimendu baloratuko dira?

Deialdiaren I. eranskinean adierazten diren merezimenduak baloratuko dira.

Deialdia: HEMEN

⚠️GARRANTZITSUA: Deialdiaren I. eranskina zehatz-mehatz IRAKURRI behar da.

Eranskin honetan baloratzen diren merezimenduak eta justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioak agertzen dira, baita Administrazioak berak ofizioz zenbatzen dituen merezimenduak ere (hots, lehiatzaileak ez du, horiek egiaztatzeko, dokumentaziorik aurkeztu behar). Gerta liteke atal bereko merezimenduak baloratzeko, kasu batzuetan ofizioz egitea, eta beste kasu batzuetan, ordea, parte-hartzaileak merezimendu horren egiaztagiria aurkeztea beharrezkoa izatea.

Praktiketako funtzionarioek EZ dute merezimenduak egiaztatzeko inolako dokumentaziorik aurkeztu behar, lanpostu hirueledunak eskatuz gero titulu edo ziurtagiriak egiaztatzeari lotutakoa izan ezik, titulu edo ziurtagiri horiek ez badira Pertsonalaren erregistroan jasota agertzen.

2.2. Merezimenduak nola aurkeztu behar dira?

Merezimenduak entregatzeko modu bakarra dago, on-line, Hezigune plataforman.

Merezimenduen gida: HEMEN

3. Uko egitea

  • Erreferentziazko ikastetxeari (praktikaldia egin duzun horri) uko egiteko, bi urte igaro behar dira erreferentziazko tokian.
  • Lekualdatze-lehiaketan derrigorrez parte hartzen baduzu ezingo diozu uko egin, ez behin-behineko ebazpenean esleitutako plazari, ezta behin betikoan esleitutakoari ere.
  • Lekualdatze-lehiaketan borondatez parte hartzen baduzu, behin-behineko ebazpenean esleitu dizuten plazari uko egiteko aukera dago; behin betiko ebazpenean esleitutako destinoari ezin izango zaio uko egin.

4. Atxikipenak eta espezialitate ezberdinak zabaltzea

4.1. Atxikipenak

Lekualdatze-lehiaketa baino lehen, ikastetxe bakoitzean espezialitate aldaketa egiteko aukera eskaintzen da, beti ere aldatu nahi den kidego horretako titulazioa edukita eta ikastetxean hautatu nahi den espezialitatean lekua badago.

Atxikipenetan parte hartzeko ikastetxean 5 urteko antzinatasuna izan behar da.

OHARRA: Hau (22/23) izango da atxikipenetan ezagutzen ditugun moduan parte hartzeko azken ikasturtea. Aurrerantzean ikusi beharko da egiterik dagoen eta, hala bada, zein baldintzetan.

4.2. Espezialitate ezberdinak zabaltzea

Behin plaza lortu duzun kidegoan, behin betiko destinoan, bi urte pasa ondoren, beste espezialitate batzuetara aldatzeko aukera izango duzu, beste espezialitate horietarako habilitazioa izanez gero beti ere.

4.2.1. Maisu-maistren kidegoa
INFORMAZIO OHARRA: HEMEN
Eskaera EIZU bidez egin behar da.
OHAR GARRANTZITSUA: HEMEN
Informazio gehiago: HEMEN

4.2.2. Bigarren Hezkuntzako kidegoa
Beste espezialitate batetara aldatzeko, espezialitate horretako LEPeko azterketa teorikoa (gaitegiko gai bat idatziz garatzeari dagokiona) gainditu beharko da. Behin gainditurik, delegaritzan eskaera egin beharko da beste espezialitate horretan Lekualdatze-lehiaketan parte hartu ahal izateko.

5. Zalantza orokorrak

5.1. Noiz izaten dira estatu mailako Lekualdatze-lehiaketak?
Estatu mailako Lekualdatze-lehiaketak 2 urtetik behin izaten dira.
Ikasturte honetan (22/23) urriaren 17tik azaroaren 7ra arte, biak barne, izango da parte hartzeko epea.

5.2. Zer eta noiz dira izaera bereziko Lekualdatze-lehiaketak?
zaera bereziko Lekualdatze-lehiaketetan, ezaugarri espezifikoak dituzten plazak esleitzen dira: Berritzegunekoak, ospitaletakoak, ikus-entzumen arazoak dituzten ikasleekin egotekoak, … Hauetan parte hartzeko ezaugarri bereziko tituloak edo ikastaroak direla ziurtatu behar da.
Askotan Lekualdatze-lehiaketa arruntak baino beranduago irteten dira.
Karrerako funtzionarioek aukera daukate Lekualdatze-lehiaketa arruntetan parte hartzeko, baita izaera berezikoetan ere. Bi esleipen ezberdin izanez gero, bietatik bat hautatzeko aukera izango dute.

5.3. Zergatik esleitu didate eskatu ez dudan lurraldean edo nahi ez nuen plaza bat?
Askotan praktikaldi garaian edo gero gertatzen den egoera bat da hau.
Eskabidearen gidan, 1.3. atalean (“Non eta nola hartu behar da parte?”), pausoz pauso azaltzen da nola egin behar diren Lekualdatze-lehiaketako aukeraketak. Bertako azken orrialdean, probintzien lehentasuna zehaztu behar da. Zehazten ez bada, eta izengaiak aukeratutako plaza guztiak beteta badaude, plataformak ofizioz esleitu diezaioke azken lana egin duen lurraldean plazaren bat (beti ere ez badu lehentasunezko lurraldea aldatu).

5.4. Nik lan egiten dudan lurraldeko eskolez gain beste lurralde bateko eskola batzuk aukeratzen baditut, beste lurralde horretako edozein eskola esleitu al diezadakete?
Ez. Zure erreferentziazko lurraldea ez den beste bateko eskolak aukeratzen badituzu, horietako batetan bakarrik esleituko dizute postua, ez beste lurraldeko edozein eskolatan, beti ere beste lurralde hori hautatzen ez baduzu eskabideko azken orrialdean.
ADI! Eskabideko azken orrian zure erreferentziazkoa ez den lurralde bat hautatzen baduzu, beste lurralde horretako edozein eskola esleitu diezazukete.

5.5. Funtzionarioek dugun puntuazioan barematuko al da interino bezala lan egindako denbora?
Orain arte, oposaketetan plaza lortzeko merito bezala soilik hartzen zen kontutan. Aldiz, hemendik aurrera kontutan hartuko da karreradun funtzionario bezala langile zerrendan puntuazioa emateko ere, sententzian jasota dagoen bezala.
Aurtengo (22/23) Lekualdatze-lehiaketan aplikatuko da, karrera funtzionario bezala egindako lan egunek eta interino bezala egindakoek berdin puntuatuko dute.
Behin betiko destinoa baduzu eta Lekualdatze-lehiaketan parte hartu nahi ez baduzu, ez zaizu barematuko.
Behin betiko destinorik ez izateagatik nahitaez parte hartu behar duen pertsonaren kasuan, ez badu parte hartzen, ofizioz barematuko zaizkio atalak.