Gerente aldaketarekin, aukera berriak zabaltzen dira Haurreskolak Partzuergoan

464

Komunikabideen bidez jakin dugu Elena Aizpuruk ordezkatuko duela Zorione Etxezarraga Haurreskolak Partzuergoko gerentzian. LABetik uste dugu garai berria irekitzen dela hezkuntza zerbitzu honetan, eta lanean jarraituko dugu proiektuak euskal gizartearen beharrei erantzun diezaien eta langileen eskubideak berma daitezen.
LAB sindikatuko kideok uste dugu Zorione Etxezarraga gerentearen kargugabetzeak Haurreskolak Partzuergoaren fase berri bati erantzuten diola. Era berean, EAEko Hezkuntza Sailak eskatu zuen diagnosia jaso du, eta horrek zerbitzua hobetzeko aldaketak ekar ditzake.
Azken aldian, komunikabideetan Jokin Bildarratz sailburuari entzun diogu Haurreskolak Partzuergoa eskolaratze goiztiarraren erreferentziazko baliabidea bilakatu nahi duela. Gure partetik, norabide horretan kokatuko gaituzten erabakiak langileokin eta hezkuntza-komunitatearekin adostuz hartzeko eskatzen diogu Jokin Bildarratz berari eta, izendatu dutela hedabideen bidez jakin izan dugun gerente berriari, Elena Aizpururi.
Beraz, langileon ilusioa berpiztu eta proiektua eraldatu behar dugu. Norabide horretan eta azkenengo urteetan egindako ibilbideari jarraiki, diagnosia egin duen ikerlariari, LAB Sindikatuko kideok argi esan genion gure proiektuak zer behar duen, azkenengo urteetan jaiotza tasa pairatzen ari den jaitsiera eta kontziliazio neurri berriek gurean duten eragina ahaztu gabe. Eta noski, haurrak erdigunean jarriz.
Aukera berdintasunean oinarritutako kalitateko hezkuntza ziklo hau Hezkuntza Sailaren barruan integratzea, 0-3 zikloa berreskuratuz, 0-6 etaparen logika pedagogikoan oinarrituta.
– Korronte pedagogiko berriei egokitu ahal izateko, beharrezkoa den inbertsio eta finantziazioa.
– Unibertsaltasuna, inklusibitatea, feminismoa, euskara, euskal kultura eta doakotasuna ardatz izatea.
– Herri eta auzo bakoitzak merezi duen zaintzan oinarritutako hezkuntza eskaintza.
– Haurren hezkuntza ibilbidea marraztuko duen eskolen mapa barruan kokatzea.
Lan hitzarmena eta langileon egonkortasunaren aldeko borroka ahaztu gabe, aukera dugu amesten dugun Haur Hezkuntza eraikitzen jarraitzeko.
Hezkuntza legearen inguruko eztaibaidan ere gure alea jartzen jarraituko dugu, urteetako borrokaren ondorioz, 0-3 zikloa ere aintzat hartua izan dadin.
Aukera berri baten aurrean gaude, herri honek behar eta merezi duen hezkuntza eraikitzeko lanean eta borrokan jarraituko dugu, borrokak merezi duelako.