
Gaur arratsaldean ehunka pertsona mobilizatu gara Donostian, Hernanin, Oreretan, Arrasaten, Beasainen, Urretxun, Bilbon, Durangon, Igorren, Gernikan, Balmasedan, Laudion eta Gasteizen, Hezkuntza publikoan lan baldintzak hobetu! Hemen eta orain erabakita! lemapean.
Greba zikloaren bigarren txandan sartuko gara bihar Hezkuntza Saileko irakasle, sukaldari eta garbitzaileak. Bihar eta etzi sukaldari eta garbitzaileak deituta daude grebara eta otsailaren 26 eta 27an irakasleak.
Urtarrileko greben jarraipena eta babes zabalaren ondoren, Hezkuntza Sailak balizko proposamenik helarazi gabe jarraitzen du eta greba dinamikarekin aurrera jotzeko bidea besterik ez digu uzten.
LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuok urtarrileko hezkuntza publikoan deitutako grebek jarraipen eta babes oso zabala izan dute beraz, oso positiboki baloratzen ditugu. Jaurlaritza, gehiegizko zerbitzu minimoekin (eta familia zein lankideei zuzendutako gutunekin) grebak baldintzatzen saiatu den arren, langileek mezu argia bidali diogu Hezkuntza Sailari.
Hauek dira grebetako aldarrikapen nagusiak: plantillak gazte-berritzeko neurrietan aurrerapausoak ezarri, eros-ahalmena berreskuratu, enplegua egonkortu eta bermatu, lan zamak arindu, lizentzia eta baimenak hobetu eta osasun, euskara eta hezkidetza arloan hobekuntzak ezarri. Irakaslegoan, besteak beste, irakastorduak jaitsi eta burokrazia gutxitu eta sukalde eta garbiketan, funtzioak zehaztu, kategoriak egokitu eta pribatizazioari mugak jarri.
Argi dugu langileon mobilizazioarekin batera gure lan baldintzak hobetzeko negoziazio erreala lortuko dugula.
Bikain ari gara langileok, indartsu gaude! Greba dinamikarekin jarraitu eta kaleak bete behar ditugu Hezkuntza Sailak gure aldarrikapenei erantzun egokia eman arte, lan hitzarmen berriak lortu arte!
ยท Argazki galeria: